SoslaiaInma Beristain Antzuolako Bilduren alkategaia da. Azkoitiarra izatez, Antzuolan bizi da egun. 56 urte ditu, ezkondua da eta hiru semeren ama. Etxekoandrea ofizioz, Gizarte Zientzietako bigarren mailan dihardu Helduentzako Unibertsitatean. |
|---|
Zer eskainiko dio Bilduk Antzuolako herriari?
Ez diegu geure buruei erronka handirik jarri. Poliki-poliki, udalaren funtzionamendua eta agertzen zaizkigun arazoak ezagutu ahala, saiatuko gara ahalik eta erantzunik egokienak ematen.
Zeintzuk dira prestatu duzuen programaren ardatz nagusiak, alorrez alor eta labur-labur: Gazteria, Kultura, Euskara, Kirola, Gizarte Ongizatea, Hirigintza… azaldu badaitezke, noski.
Ingurumenaren zainketa, garraio publikoaren antolaketa hobea eta udal organoetan herritarren parte hartzea sustatzea.
Udalaren egoera ekonomikoa ez da ona. Nola egingo diozue aurre?
Guztiok geure etxeetan egin ohi dugun bezala: egoeraren araberako plangintzak gauzatu beharko ditugu, gastu, sarrera zein inbertsioei dagokienean.
Atez ateko bilketa sistema duzue herrian. Nola baloratzen duzue? Horren aldeko apustua egiten jarraituko duzue?
Positiboa dela deritzogu. Antzuolarrok dagoeneko oso emaitza ona lortu dugu, %86 birziklatzera iritsiz. Zero Zabor filosofian lanean jarraituko dugu.
Herritik gutxien gustatzen zaizuna.
Abiadura Handiko Trena eragiten ari den kaltea.
Herritik gehien gustatzen zaizuna.
Antzuolarrok, gai puntualen aurrean, elkarlanean jarduteko dugun gaitasuna.
Zelako herria nahiko zenuke?
Herritarren euren kezken konponketan eta proiektuen gauzapenean parte hartuko duen herria.
Zergatik sartu zara politikan?
Jende askok lan ugari egin du Bilduren proiektua aurrera atera dadin. Proiektu horri neure bultzada emateko modua da Antzuolako Bilduko zerrendaburu izatea.
Ze iritzi duzu Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak Bilduren zerrenden kontra aurkeztutako inpugnazioei buruz? Eta Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren erabakien gainean?
Herri honen alde lan egiteko prest gaudenoi gogorra egiten zaigu horrelako egoerak bizi behar izatea. Ez dago eskubiderik!