Saharako egoeraren berri emango du Leire Unamuno antzuolarrak

Usoa Agirre 2011ko maiatzaren 12a

Leire Unamuno Tindoufeko kanpalekuan izan zen Aste Santuan eta saharar errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri emango du egubakoitzeko hitzaldian. Bestalde, Gipuzkoako beste hainbat herritan bezalaxe, Antzuolan ere Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko elikagaien bilketa-kanpaina antolatu dute eskolak, Udalak eta Anelkarrek.

Elikagai-bilketa

Gipuzkoako beste hainbat herritan bezalaxe, Antzuolan ere Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko elikagaien bilketa-kanpaina antolatu dute eskolak, Udalak eta Anelkarrek, Tindoufen (Aljeria) errefuxiatutako sahararrek gaur egun jasaten duten "elikadura krisi larria" ahal den neurrian arintzeko. Maiatzaren 9an hasi zen kanpaina eta hilaren 23 inguruan bukatuko da. Elikagai hauek jasoko dira herriko eskolan, Aixa dendan,  Eroskin eta Kalebarren dendan: hegaluzea eta sardinak oliotan; arroza, azukrea, pasta eta lekaleak; eta, helduentzako pardelak eta konpresak.

Leire Unamunoren lekukotza

Leire Unamuno gazte antzuolarra Aste Santuan izan zen Tindoufeko kanpalekuan. Badira dagoeneko lau urte udan etxean hartzen dutela ume saharar bat, eta hura bisitatu, senideak ezagutu eta bertako egoera zein den bertatik bertara ikustera joan zen. Unamunok azaldu digunez, asko dira han dituzten beharrak: "Azken batean han ez dute ezer; basamortu erdian bizi dira". Unamunoren arabera udan hemen egoteak ere on egiten die ume sahararrei eta familiei deia egin nahi izan die udan ume sahararrak etxean har ditzaten: "Han geroz eta ume gehiago dago eta asko dira bertan geratzen direnak hemen ez dagoelako familiarik guztiak hartzeko. Hango berotik aldentzeak on egiten die".

Hitzaldia eskainiko du Leire Unamunok Saharan ikusitakoak eta bizitakoak kontatzeko. Bide batez, han ateratako argazkiak ere erakutsiko ditu. Bihar, egubakoitza, 19:00etan, udaletxean izango da hitzaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak