Aurten, beste urte batzuetan bezala hauek dira jasoko dituzten elikagaiak: lekaleak, arroza, pasta, azukrea, oliotan kontserbatutako atuna eta sardinak, eta berrikuntza modura beste bi produktu ere gehitu dituzte zerrendara: olioa eta konpresak.
Atzo hasi eta datozen bi asteetan Debagoieneko herrietako ohiko denda eta ikastetxeetan utzi ahalko dira elikagaiak eta Antzuolako Anelkar elkartasun taldeko Kontxi Laskurainek esan digu orain arte antolatu dituzten edizioetan jendearen parte hartzea handia izan dela eta espero dutela aurten ere halakoa izatea.
'Oporrak bakean' kanpaina
Karabana solidarioaz gain, urteroko Oporrak bakean izeneko kanpaina ere abian jarri dute eskualdean Sahararen alde lan egiten duten erakundeek. Errefuxiatuen kanpalekuetan bizi dituzten baldintza gogorrak kontuan izanda, 7 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei bestelako oporrak eskaintzea eta, bide batez, sahararren eta euskaldunen arteko batzar solidarioa indartzea da kanpainaren helburua.
Hitzaldia, egubakoitzean
Janari laguntzaz eta hango gaztetxoak hona ekartzeak daukan garrantziaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, Saharan berriki egon den Leire Unamuno antzuolar gazteak hitzaldia eskainiko du, gainera, herriko Olaran etxean egubakoitz honetan arratsaldeko 19:00etan.