Antzuola-Aiherra harremana: bi herriren arteko amodiozko istorioa

Goiatz Arana Begiristain 2011ko maiatzaren 8a

Egubakoitzean aurkeztu zuten bi herrien arteko 25 urteko erlazioa jasotzen duen liburua: ‘Antzuola eta Aiherra, mugak zubi’. Azalean, bi elementu nagusi: lekukoa –20. urteurrenean egindako Korrikan, Aiherratik Antzuolara ekarritakoa–; eta bi esku –gaztearena bat eta bizitza lanean eman duen nagusiarena bestea–, belaunaldi batek besteari jarraipena emateak duen garrantziaren erakusle. Barruan: hamaika argazki –zuri-beltzean zaharrenak eta koloretan berrienak–, protagonistei egindako elkarrizketak, pasarteak, anekdotak...

Emaitza eskuetan, bultzatzaileak gustura agertu ziren aurkezpen ekitaldian, nahiz eta aitortu zuten ez dela lan erraza izan: "Liburua egiteko asmoa bazegoen, baina aspaldian ez zuen inork ezer esaten eta ideia hori ahaztuta egongo zen esperantza nuen", esan zuen Beltzuntze elkarteko Jean Mixel Barbierrek, erdi barrezka. Baina hori pentsatu eta gutxira, iazko abenduan, martxan jarri zuten egitasmoa, Aiherrako eta Antzuolako alkateek hala adostuta. 

Harreman "naturala" 

Iparraldeko eta hegoaldeko ordezkariek herri bien arteko harremana modu naturalean sortu, mantendu eta aberastu izanaren garrantzia azpimarratu zuten, baina ofizialtasunaren garrantzia ahaztu gabe: "Laguntza ekonomikoa dakar horrek, sostengua eta egindako lanaren baieztatzea", esan zuen Barbierrek, eta eskerrak eman zizkien Antzuolako eta Aiherrako udalei, egindako lanagatik eta emandako babesagatik.

Beste batzuentzako eredu

Samur eta edonork irakurtzeko liburua dela esan zuten bultzatzaileek, eta gaineratu helburua dela beste herri batzuei antzerako esperientzia bizi izateko gogoa piztea. Orain arte herri bateko eta besteko gizon eta emakumeen artean ez dela ezkontzarik izan, baina aurrerantzean, behar bada, halakoak etorriko direla ere esan zuten, txantxetan. Ondarruko Ibai Muñiz –liburuaren egilea–, hori bai, antzuolar bihurtu da.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak