Antzuolako Udalbatzak 2001ko aurrekontuak onartu zituen atzo egin zuten ez-ohiko osoko bilkuran. Onartutako Udal aurrekontua 2.467.453 eurokoa da, aurreko urtekoa baino 1.146.051 euro gutxiago. Aurrekontu bateratua, ostera, Antzuolako Udal Etxegintzarena barne, 2.494.453 euro da.
Aurrekontuak aurrera egin zuen Udal Gobernuaren eta Ezker Batua-Zutik-Aralar koalizioko bi zinegotzien aldeko botoekin. EAJko hiru zinegotziak, bestalde, abstenitu egin ziren eta zinegotzi sozialista ez zen saioan izan.
Inbertsioak
Inbertsioetara bideratuko den zenbatekoa 89.291 euro da eta hiru proiektu aurreikusi dituzte: Herri eskolan igogailua jartzea (84.412 euro), KZgunean altzariak egokitzea (3.000 euro) eta herrian falta diren hainbat mugarri ezartzea (1.879 euro).
Herri eskolan igogailua jartzea da aurtengo inbertsio nabarmenena eta horretarako Eusko Jaurlaritzaren 66.000 euro inguruko diru-laguntza lortu du Udalak.Gainontzean, ez da partida garrantzitsurik aurreikusten. Hala ere, zenbait proiektu bideratzeko nahia adierazi zuen Iturbe alkateak. Esaterako, baserrietako ur sarearen lanei jarraipena eman nahi diete. Bestalde, Gaztetxea lekualdatuko da aurten; horretarako beharrezko diru kopurua aurreko urteko aurrekontuan sartu zuten. Herri aldizkari bat kaleratuko dutela ere aurreratu zuen Pedro Iturbe alkateak.
Aurrekontu estua
Aurreko urtean inbertsio potoloagoak aurreikusi zituzten, baina aurten ezin izan da horrela izan. Pedro Iturbe alkateak dio udalaren egoera ez dela guztiek nahiko luketen bezalakoa: 'Argi dago, gure aurrezpen maila asko jaitsi dela eta horrek eragin du gure inbertsio gaitasuna murritza izatea'. Izan ere, Antzuolako Udalak 2009an 2.700.000 euroko mailegua eskatu behar izan zuen garai hartan egin ziren inbertsioei aurre egiteko (kaleen peatonalizazioa, Torresoroa eraikina...). Orain, horren amortizazioa ordaintzen hasi behar dira eta horrek aurrekontu estuak aurkeztea eragin du.
EAJ abstenitu
Joseba Lezetak honela arrazoitu zuen euren abstentzioa: 'Oro har ez dugu desadostasunik, baina uste dugu gaia ez dela behar bezala landu Gobernu Batzordean eta gure iritzia ez dela kontuan izan'. Gaineratu zuen Gobernu Batzordeak irekiagoa izan beharko litzatekeela. Bere esanetan beste taldeen parte hartzea bilatuko balitz, diru partidak beste era batera zehaztuko lirateke.