Antzuolako Uri Buru Batzarreko presidente Iñigo Ramirez de Okariz Telleriak ezustean hartu du gaur berria eta GOIENAri aurreratu dio 18:30ean batzarra egingo dutela Antzuolako alderdikideek. "Oso minduta gaude, geure iritzia aintzat hartu barik, azkeneko unean, Antzuolatik kanpoko herritarrez osatutako zerrenda aurkeztea erabaki duelako GBBk eta litekeena da alderdiko txartelak entregatzea eta alderdia uztea Antzuolako Uri Buru Batzarreko kideek" esan digu.
Ramirez de Okarizek esan du Antzuolan ez aurkezteko erabakia oso zaila, hausnartua eta batzar asko egin ostekoa izan zela eta GBBn ez zutela erabakia ondo hartu: "presio handia izan dugu" adierazi zion atzo GOIENAri.
GOIENA saiatu da GBBrekin harremanetan jartzen, baina ez du lortu haien iritzirik jasotzea.
Goiena telebistako tertuliakide
Maria Eugenia Arrizabalaga (Zumaia, 1967) legebiltzarkidea da Gasteizen eta zinegotzi Zumaian. GBBko kidea da. Zuzenbidean lizentziaduna, Goiena telebistako ohiko kolaboratzailea da, politikoen Tertulia saioan.
Bergarako eta Gipuzkoako beste herri batzuetako jeltzaleak daude Antzuolako zerrendan. Horien artean, Bergaran bizi den Eliseo Garcia antzuolarra eta Mikel Lete eta Iñigo Juaristi bergararrak.