"Hausnarketa prozesu bat irekitzea erabaki dugu eta, ahalegindu bagara ere, azkenean, zerrendarik ez ateratzea erabaki dugu" Hala esan digu Iñigo Ramirez de Okariz Telleria Antzuolako EAJko Uri buru batzarreko presidenteak.
Erabaki zaila
Izan ere, atzo aurkeztu zituen Debagoieneko EAJk bailarako alkategaiak Arrasateko Kulturaten eta ekitaldian ez zen Antzuolakorik izan. "Jendartea asko aldatu da, oso zaila da herrigintzan lan egiteko, Udalera, politikara… jendea erakartzea eta, azkenean, etsi egin dugu" dio Ramirez de Okarizek.
Erabakiak eztabaida sor dezake alderdiaren barruan eta herrian bertan, baina, hala ere, asko kostata bada ere, erabakiarekin aurrera egitea erabaki dute Antzuolako jeltzaleek, hausnarketa prozesua ireki eta hurrengoan gauzak alda daitezkeelakoan.
Aralarrek ere ez
Bestalde, Aralarrek ere ez du zerrendarik aterako Antzuolan. Aurrekoan, Zutikekin eta Ezker Batuarekin koalizioa osatuz aurkeztu ziren. Oraingoan ez dira aurkeztuko.
Jeltzaleak saiatu dira herri plataforma bat bultzatzen eta Aralarrekoak eta jeltzaleak biltzen zerrenda bakarrean, baina ez du aurrera egin saiakera horrek.
EAJ eta Aralar barik, Bilduk, PSE-EEk eta PPk bakarrik aurkeztuko dituzte zerrendak Antzuolan. Ezker abertzaleak botoen %40,5 lortu zuen orain dela lau urteko Udal hauteskundeetan Antzuolan. Sozialistek, %12,8 eta popularrek, %2,6.