Errege kateatua; uste oker batetik, gaurdaino

Usoa Agirre 2011ko apirilaren 15a

Antzuolako armarriko errege kateatuaren esanahia zalantzan egon da orain arte. Mairuen erregea izan zitekeela esaten zen, Alfonso VIII. Gaztelako erregea, Nafarroako erregeren bat... baina teoria horietako bat ere ez zegoen frogatuta. Rosa Ayerbe historialari eta heraldikako sari nazionalak, errege kateatuaren esanahia frogatzen duen aurkikuntza egin du Madrilgo liburutegi nazionaleko artxiboan: 1635eko kronika bat eta 1660ko Gipuzkoako nobiliarioa topatu ditu.

1635ean Juan Fernandez de Villalongak idatzitako kronikaren arabera, gipuzkoarrek Aragoiko erregea preso hartu zuten nafarrei laguntzera joanda, aragoarrek Nafarroako erregea preso hartu baitzuten: "Y en memoria d'este gran sucesso que la Provincia de Guipúzcoa hizo, tienen en sus escudos y armas a este rey preso". Ayerberen arabera, "hori zen garai hartako ustea eta hortik erregeari lepotik katea jartzea urrats bat besterik ez dago". Eta horixe egin zuen 1660an beheko irudian agertzen den nobiliarioa idatzi zuenak.

Arma-erregeak egina

Gipuzkoako armarriak, beraz, garai horretan kateatutako erregea izan zuen, armarriko erregea preso hartutako Aragoiko erregea zela uste baitzen (gero jakin zen Enrique IV Gaztelako erregea zela). Antzuolarrek, 1745ean,  herriko armarria egiteko eskatu zioten Felipe V.aren arma-erregea zen Don Juan Alfonso Guerra y Sandovali. Honen liburutegian zegoen 1660an egindako Gipuzkoako nobiliario hori, erregea kateatuta zuena, eta hori oinarri hartuta egin zuen armarria arma-erregeak.

Aurkikuntza garrantzitsua

Patxi Olabarria Kultura zinegotziaren arabera aurkikuntza garrantzitsua da antzuolarrendako: "Orain arte uste zen Mairuen erregea zela, baina frogatu ahal izan da, dokumentuekin, Gipuzkoatik hartutakoa dela irudi hori. Horrek alardea ulertzeko beste bide bat zabaltzen du". Ayerberen lana ere eskertu nahi izan du: "Eskertzekoa da horrelako lana egin izana Rosak onginahi hutsez".

Bestalde, eguazteneko osoko bilkuran onartu zituzten Antzuolako armarria berritzeko ideia lehiaketako oinarriak. Ebazpena GAOn argitaratu eta hurrengo egunean zabalduko da lanak aurkezteko epea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak