Joan den urteko balorazio positiboa egin zuen Zuzendaritza Batzordeak. Joan den urtean antolatutako ekintzen artean izan ziren arrakastatsu batzuk: Arrolara egiten den urteko lehen irteeran 60 bat lagun bildu ziren; Pirinioetara egindako aste bukaerako irteerara 25 bat lagun joan ziren; eta GPS ikastaroan 15 lagun ibili ziren (gehiagorendako lekurik ez zegoen). Ekintzekin batera, Arrolako argazki bildumarekin egindako lana azpimarratu nahi izan zuen zuzendaritzak. Joxe Mari Iturbe, Jabi Etxaniz eta Iñaki Legorbururi eskertu zieten argazkiak digitalizatu eta Interneten jartzen egindako lana.
Zuzendaritzarako boluntarioak
Sei lagunek osatzen dute Zuzendaritza Batzordea eta urtero batzordea osatzeko arazoak izaten dituztela nabarmendu zuten. Arrolako bazkideei dei egin zieten zuzendaritzan parte hartzera anima daitezen.
Ondoko taulan dituzue aurtengorako asmoak. Herriko taldeekin elkarlanean ere ekintzak antolatu nahi dituzte; Oñati bidea garbitzea, adibidez.
Datozen hilabeteetarako asmoak
Maiatza
- Antzuolako biraren lehen etapa.
- Euskal Herriaren erdira mendi irteera.
Ekaina
- Antzuolako biraren bigarren etapa.
- Umeen irteera, Pausokarekin elkarlanean.
Uztaila
- Pirinioetako asteburuko irteera, nagusiendako.
Iraila
- Antzuolako biraren 3. etapa. Finalista eguna.
Urria
- 'Udazkeneko irteera', egun osokoa.
Azaroa
- Urtean zehar egindako ekintzetan ateratako argazkien emanaldia.