Elizako berritze lanen bigarren fasea da orain amaitzen dagoena. Lehenengo fasean erreteila, arkupeak eta kanpandorrea berritu zituzten eta bigarren fase honetan barruko lanak egin dituzte: argiteria eta berogailua berritu; koruko egitura eta zorua konpondu; hormak atzera margotu; eta elementu artistikoak garbitu egin dituzte. Horrez gain, sakristia eta korurako pasadizoa ere berritu dituzte; komun berria jarri dute bertan.
Bigarren fase honetako lanek 700.000 euro inguruko kostua izan dute.
Ate irekiak
Apirilaren 16ko inaugurazioari begira ari dira parrokiako taldean antolaketa lanetan. Iluntzean elizkizuna egingo da eta apirilaren 16 eta 17ko aste bukaeran eliza zabalik egongo da bertan egin diren lanak ikusi nahi dituzten herritar guztiendako. Eliza barrutik nola geratu den ikusteaz gain, lanek izan duten eboluzioaren erakusketa ere jarriko dute eta lanen berri jasoko duen liburuxka banatuko dute.
Inaugurazioan ikusi ahal izango dute herritarrek duela 25 urte Donostiako Elizbarrutiko Museora eramandako erretaula. XVI. mendearen bukaerakoa da, Errenazimendu garaikoa, eta pulpituaren ondoko horman jarriko dute.