Giro ezti eta epelean, 'Itxaropena' ekarri du Patxi Saizek

Jon Berezibar 2011ko martxoaren 19a

Torresoroako entzuleak gozatu eta kantarazita aurkeztu du bart Saizek disko berria. Ordu eta erdiko saio dotore eta sentibera batekin, giro ezti eta epelez bete du aretoa. Esker onaren erakusle, txalo bero eta sentituak jaso ditu Saizek.

Zeremonia gutxirekin igo zen Torresoroako oholtzara Patxi Saiz atzo gauez. Gabon soil batekin, xalo, disko berria aurkeztera zetorrela azaldu zuen: Itxaropena. Isiltasuna txalarpartaren ttakun sarkorrek eta teklatuek hautsi eta euskal kantarien molde betean, kantaldiari ekin zion getariarrak antzinako erromantze bat musikatuz. Ahots sendo eta oso espresiboarekin banan-banan aurkeztu zituen lan berriko kantuak eta ikusleek txalo beroekin eskertu zituzten guztiak. Esker-txalo bero horien zati bat ere teklatu eta akordeoiarekin giroa goxatzeaz arduratu zen Juan Luis Aranbururentzat izan zen; antzuolarra bera, eta lehen lerroak lagun eta senidez josita zeuzkan. Aberria, euskara, herria, maitasuna edota askatasuna; erromantisizmo eta herriminez jositako abesti aberatsek osatzen dute hirugarren lana eta zuzenean ere aurkezpen txukuna izan zuten pieza berriek, errepertorioan abesti zaharrek eta poema eder musikatuek lagunduta.

Iparraldeko oihartzunak

Abeskera ederra du Saizek, taxuzkoa eta indartsua, iparraldeko oihartzunez betea eta Orioko bardoaren jaraunsle leiala dela erakutsita. Lasai antzean hasitako kantaldia, biolin zoragarri eta teklatu dotoreek konpainia eginda, baxu elektriko eta bateria batuta, bigarren zatian biziagotu egin zen ikusleen txalo eta ahapekako abeste lotsatiek lagundu zuten bukaeran. Ikusleak animatu zirela ikusita, gainera, amaieran, haien laguntzarekin, saioa kantaldi herrikoi bihurtuta amaitu zuen Patxi Saizek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak