Zer moduz joan da txapelketa?
Iker Manso: Bost partidu jokatu eta denak irabazi ditugu. Ez dago maila handia paletan; pala motzean maila handiagoa dago.
Jon Alberdi: Sekulako ilusioa egin digu finalera iristeak. Baina, eskertuko genuke maila handiagoa egotea, jokoan hobeto ibiltzeko. Entrenamenduak egiten ibiltzen garen modurako, askotxo iruditzen zait gu iritsi izana finalera.
Finala nola ikusten duzue?
I. M.: Gaurkoa hirugarrena izango da jokatzen duguna eta aurrekoak galdu egin ditugu. Bikote gogorra da Biarrizkoa, baina gure jokoa egiten badugu eta zentratzen bagara, nik aurrean seguru jokatuz eta Jonek atzetik ondo emanda, irabazteko aukerak izango ditugu.
Urte asko daramatzazue biok paletan jokatzen. Zelatan aukeratu zenuten kirol hori?
I. M.: Betidanik gustatu izan zait paletan jokatzea. Gomazko pilotarekin hasi ginen lehenengo; gero probatu genuen larruzkoa eta larruak beste bizitasun bat dauka.
J. A.: Lehenengo futbolean aritzen nintzen, baina 16 urte ingururekin hasi ginen lau lagun palan jokatzen, gomazko pilotarekin. Egon nintzen bizpahiru urte lagata eta gero larruzkoarekin hasi nintzen eta nahiko ondo moldatzen naiz.
Kirol honetan, baina, ez da jende asko aritzen?
I. M.: Deba bailara osoa kontuan hartuta, gu gara txapelketetan paletan larruzko pilotarekin jokatzen aritzen garen bakarrak. Hemen ez dago ohiturarik; eskuz jokatzeko agian gehiago egon da, baina paletan jokatzeko ez dago inor. Erreleborik ere ez dugu eta entrenamenduak egiteko ere jende faltan ibiltzen gara.
J. A.: Lau aritzen gara entrenatzen, baina gu gara txapelketa jokatzen dugun bikote bakarra. Zortez ez dugu eduki lesiorik eta horrela gabiltza biok txapelketa guztiak jokatzen. Gaur egungo gazteek gehiago jotzen dute frontenisera; bestelako erreminta zeharo galduta dago.