Gipuzkoako elizate zaharrenetarikoa, galtzeko bidean

Usoa Agirre 2011ko martxoaren 16a

Aspaldiko urte hauetan Antzuolako Uzarragara bisitan joan denak igarriko zuen, seguru asko, bertako eraikinak ez daudela egoera onean. Bertan egin zen azkenetariko elizkizun batean txantxa doinuan entzun nion auzotar bati hauxe: "Ea apaizak meza bukatzen duen eliza behera etorri baino lehen". Txantxa doinuan esandakoa izan zen hori, baina behera etortzeko arriskua dela-eta Uzarragako eraikin guztiak ixtea erabaki du Donostiako Elizbarrutiak.

Elizbarrutiko txostena

Duela gutxi iritsi zaie Uzarragako auzotarrei elizbarrutiko arkitektoak egindako txostentxo bat. Arkitektoak adierazten duenez, eraikuntza multzoaren egoera "negargarria" da eta ondoren zerrendatzen ditu eraikinek dituzten arazo larrienak: "Hego-ekialdeko aterpeko hiru zutabeek bertikaltasuna galdu dute; apaizetxea guztiz hondatuta dago; kanpandorrea ekialderantz okertzen dago; eliza barruan pitzadurak daude; hilerrira ematen duten leihoak eta apaizetxekoak erronboideak dira, eta angeluzuzenak beharko lukete".

Txostenean ondorioztatzen duenez, "eraikin multzoaren azpiko lurren hondoratzeak eragin du egoera negargarri hori". Arazoa konpontzeko, lehenik eta behin, "eraikuntzen hormak geruza egonkor baten gainean jarri beharko lirateke, egonkortasuna bermatzeko".

Inguru guztia hesitu

Txostenaren arabera, lan horiek egiteko dirurik ez dauka elizbarrutiak eta, hala, eraikinen multzo guztia hesitzeko agindua eman du, "behera egiten duen egunean  ezbehar pertsonalik egon ez dadin". Guztia ixteko agindua eman arren, auzotarrek ez dakite oraindik noiz itxiko duten. Hileko lehen domekan egiten da bertan meza eta, baieztatu digutenez, datorren hileko meza egingo da Uzarragan. Ondorengo hilabeteetan egingo diren edo ez, ez dago baieztatzerik.

Leku kuttuna

Uzarragako auzotarrentzat eta inguruko beste auzotar askorentzat leku kuttuna da Uzarraga. Parrokia izan zen garai batean bertako eliza eta eskola ere izan zuen auzoak Uzarragan. Duela urte gutxi arte taberna ere bazen bertan eta auzotarren bilgune izaten zen domeketan, meza ostean salda hartu eta hamaiketakoa egiteko. Azken urte hauetan, baina, baserriak hustu egin dira, Uzarraga bertako eraikinetan ere ez da inor bizi eta galdu du garai batean zegoen bizitasuna.

Auzotarrek, baina, penaz hartu dute elizbarrutiaren erabakia, eta penaz ikusten dute hondatzen auzoaren eta Antzuolaren historian horrelako zeresana izan duen lekua.

Antzuola baino lehenagokoa

Antzuolaren sorrera ezin da ulertu Uzarraga aipatu barik. Aho tradizioari nahiz hainbat idatziri kasu eginez gero, eliza tenplarioek eraikitakoa da. 1625ean Lope de Isastik idatzi zuenez, elizako atean San Juan ordenako intsignia zegoen, tenplarioek erabiltzen zutena. Baina gaur egun ez dago horien aztarnarik, lurren mugimenduagatik berritu behar izan baitzuten eliza.

Bergarako hiribildua sortu zenean, 1268an, inguruko bizilagunak ere (Uzarraga eta Oxirondo barne) onartu zituzten Bergarako herritar bezala. Beraz, ordurako Uzarragan jendea bizi zen.

Ordena erlijioso eta militarra

Beste zortzi zaldun frantziarrekin batera Hugues Painskoak 1119an Jerusalemen fundatutako ordena erlijioso eta militarra zen Tenplearen Zaldunak. Ordenaren lehen eginkizuna erromesak musulmanen erasoetatik babestea izan zen. 1128an, Troyesko Kontzilioan, Honorio II.a Aita Santuak ordena onartu zuen. 30.000 kide eta 9.000 egoitza izatera iritsi ziren. Botere handia lortu zuten, eta errege eta merkatari askoren mailegu-emaile bihurtu ziren. Botere horren beldur, hereje eta ez-moraltzat salatu zituzten eta Klemente V.a Aita Aantuak, Frantziako erregeak bultzatuta, ordena desegin egin zuen 1312an.

Euskal Herriari dagokionez, Tenplearen Zaldunak Nafarroan indartu ziren bereziki, erregeengandik hainbat dohaintza jaso baitzituzten.

Bailarako ospetsuen hilerri

Uzarragak garrantzi handia izan zuen garai batean. Esaten denez, bertako hilerrian lurperatzen zituzten bailarako ospetsuak. Liburu batzuetan agertzen denez, Bergarako Ozaeta jauregiko jaunak Uzarragako hilerrian lurperatzea eskatu zuen 1484an.

Antzuola nahiz Uzarragako elizako aberastasunaren inguruan aitortza egin zuen Esteban de Garibai historiagile arrasatearrak 1565ean, Uzarragak herri izaera izan zezakeela esanez: "El lugar de Ançuola, segun su poblacion y caserias muchas de la iglesia parrochial de San Juan de Uçarraga, podria justamente ser villa".

Tenplarioen garaiko intsigniarik ez dago gaur egun. Antzinako elizaren aztarna zaharrena elizpean dagoen arku zorrotza da, XV. edo XVI. mendekoa. Antzinakoa da, beraz, auzoa eta eliza, eta garai batean garrantzi handia izandakoa.

Uzarragako argazkiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak