Itxaropenez betetako diskoa da.
Itxaropenez betetako mezua eman nahi izan dut nire abestietan. Lehenengo kantuak ematen dio diskoari izena. Hasieran, problematika konkretu bat kontatzen da, baina, betiere, bukaeran esperantzazko erantzun edo mezu batekin amaitzen da. Gaiei dagokienez, herri-mina, kartzela, desherria, amodioa, norberaren barne hausnarketak… jaso nahi izan ditut nagusiki.
Gernikako bonbardaketaren gaineko gogoeta ere egin duzu.
Baserri-ren bertsoak dira. Lehendik argitaratuta zeunden bertsoak. Baina nik bizkaiera kutsuarekin eraldatuta topatu nituen. Izan ere, Baserri Landetan basolanetan aritu zen bizkaitar batzuekin 1938an. Bizkaitar kutsu hori jaso gura izan dut nik ere.
"Askatasuna lortzen da negarrez…", diozu letretan.
Luis Maria Lauzirika Txili idazle lekeitiarraren hitzak dira horiek. Askatasunik ezaren denuntzia egiten du. Egiaren ikerketa egin nahi ez hori nabarmentzen da bertan. Geure kexa ez entzutea dela askatasunik eza dio.
Nagusiki, optimista eta errealista da zure mezua.
Etorkizunari begira itxaropentsu azaldu behar dugu. Aterabide bat topatu behar dugu aurrera egiteko gure herrian bizi dugun askatasunik ezaren egoera horri irtenbidea emateko. Errepresio soterratuan bizi garela diot. Hau da, espresiobide guztiak mozten ari dira eta horri aterabide zoriontsua eman behar diogu, hori nahi izan dut aldarrikatu.
Telesforo Monzonen hitzek indarra dute oraindik gurean.
Bidean anaia erortzen bazaik, lepoan hartu ta segi aurrera…Haren hitzak erabili ditut, gaurkotasunik ez dutelako galdu. Diskoan aukeratutako Telesforo Monzonen agerraldiak abertzaleen batasuna aldarrikatzen du. Hitz horietan, borrokan ari diren anai-arrebak gogora ekartzen ditut; 36ko gerran moduan, jende asko dagoelako oraindik errepresaliatua eta kartzelaratua. Arazo berarekin jarraitzen dugu oraindik ere.
Antzuolarekiko harreman estua mantentzen duzu.
Garai baten, bertan entseatzen genuen. Teklatuan, lagun nuen Patxi Olabarria antzuolarra. Aurreko diskoan, berriz, Xabier Agirre musikaria izan dut lagun. Bazuen nire musikak orduan arrakastatxoa. Diskoa aurkezten martxoaren 18an, barikuan, Torresoroan izango naiz.
Autoekoizpenaren bide malkartsuan murgilduta zabiltza.
Promozio kanpainetan nabil nire lana ezagutzera emateko. Disko hau prestatzen pare bat urte daramatzat. Zuzenekoak lotzeko zaila daukagu, kultura mundua burokratizatua dagoelako. Kultura herritik piztu beharrean itzali egiten dutela uste dut. Nire iritziz, kulturari bizitza eman beharrean, haren bidea zaildu egiten da askotan.
Galtzen ari den kantagile moldea
Patxi Saiz, eskarmentu handiko musikaria izateaz gain, poeta ere bada, eta, hainbat arrazoirengatik, beste garai batekoa dirudi. Lehen egiten zen moduan herriaren alde abesten du, barren-barrenetik, herriari ahotsa eta sentimendua jarriz. Are gehiago, disko hau entzutean saihestezina egiten zait 70eko hamarkadako urteak gogoratzea, Pantxoa eta Peioren grabazioak ezkutuan Iparraldetik Hegoaldera ekartzen zirenekoa: sonoritate hura, hitz haiek, sentimendu hori... Euskal folka lantzen du, jakina, malenkonia eta nostalgiaz bustia, eta akustikoan ondo zaindutako instrumentuek lagunduta. Galtzen ari den kantagile molde batekoa da, 'Gu gira' moduko ekimenetan bere lekua izan beharko zuena.
Iker Barandiaran