Gerran hildako bost osintxuarren gorpuzkinen bila

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 1a

Espainiako Gerrako hilobi bat aztertuko du gaur Deskargan Aranzadi zientzia elkarteak. Intxorta 1937 kultur elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egingo dituzte indusketa lanak. Ustez, bost osintxuarren gorpuzkinak daude hilobi horretan.

Eusko Jaurlaritzaren hilobien mapan jasota dago Antzuolako hau. Juan Antonio Iturbe antzuolarrak eman zion Aranzadiri hilobiaren berri. "Gurasoen etxeko belar sail batean dago hilobia, Deskargan. Orain dela 30 bat urte, garotan ginela, aitak kontatu zigun hilobi bat zegoela. Oso bistara zegoen eta lurra metatuta zegoen inguruan" esan du.

Gaurko indusketa lanetan gorpurik dagoen edo ez jakin ahal izango du Aranzadik. 2003an egin zuten hilobiaren gaineko aurre txostena eta litekeena da hezurdura guztiak ez aurkitzea bertan, hilobia lehenago ere biktimen familiartekoek aztertu izan dutelako, Aranzadi zientzia elkartetik aditzera eman dutenez.

Beasain-Durango errepidea

Beasain-Durango errepide berria egiteko lanek hilobia dagoen lursailari eragiten die zuzen zuzenean eta, hori horrela, Aranzadik erabaki du, badaezpada ere, hilobia ondo aztertzea.

Osintxuko bost gizonezkoren gorpuak zeudela hilobian azaldu du Juan Antonio Iturbek. "Aitak kontatu zigun bost gorpuetako batzuk atera egin zituztela, baina, orain Aranzadik gorpuren bat bertan dagoen aztertu behar du".

Hilobian egon daitezkeen bost gizonezkoen izen-abizenak jasota daude memoria historikoan; Antzuolan, Espainiako Gerraren gaineko erakusketa batean jaso ziren-eta.

Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzia elkarteko auzitegi-medikuak eta Juan Ramon Garai Intxorta 1937 elkarteko kideak koordinatuko dituzte lanok. Gaur goizean goiz hasita, egun guztia emango dute bertan, eguraldiak asmoak zapuzten ez baditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak