Pilotazale amorratua
1896an jaio zen Toribio Jauregi eta 1969an hil zen. Urte haietan guztietan hainbat zaletasun izan zituen; baina zaletasun handienetarikoa argazkilaritza izan zen. Gainera, zaletasuna bakarrik ez, ofizio ere izan zen argazkilaritza Jauregirendako. Pilotazale amorratua izanda, inguruko pilotaleku guztiak bisitatu zituen Jauregik argazki-kamera eskuan zuela. Pilota eta frontoi giroa izugarri maite zituen argazkilaria izan zen Jauregi.
Jauregiren argazkiek "goxotasun berezia" dute. Jokoa ez ezik, frontoi inguruan elkartzen zen giroa ere jaso zuen argazkilariak: pilotariak, ikusleak, entrenamenduak, apustuak, botileroak, epaileak... hau da, ez zuen pilota jokoa bakarrik jaso.
1930etik aurrera
Jauregiren kamerak 1930eko hamarkadatik aurrera pilotalekuetan bizitakoaren irudi oso bat jaso zuen. Esku pilotak Bergaran indar handia izan zuen urteetan ohikoa zen Jauregi Bergarako Udal Pilotalekuan ikustea. Baina, Bergaran ez ezik, bailara eta inguruetako pilotalekuetara ere joaten zen Jauregi: Tolosako Beotibarrera, Eibarko Astelenara eta Oñatiko frontoira, gehienbat.
Bergarako Udal Artxiboa
2008an Bixente Jauregik, Toribioren semeak, aitaren argazki bilduma Bergarako Udal Artxiboari eman zion. 1.003 negatibo, 72 negatibo kristalean, 2302 plastikozko plaka, 2.517 positibo eta 28 diapositiba utzi zituen Udalaren esku Jauregi semeak. 2005ean Bergaran erakutsi zuten orain Antzuolan jarriko duten erakusketa.
Toribio Jauregiren erakusketa zapatuan, domekan eta martxoaren 5ean eta 6an egongo da ikusgai Olaran etxean, 18:30etik 20:30era.