Antzuolarrak munduan zehar; bidaiak argazkietan ekimenaren barruan antolatu du Kultura Sailak.
Argazkiak erakutsiko dituzte
Olaortuak, Garitanok eta Agirrek argazkiak erabiliko dituzte euren bidaia erakusteko. Italia, Austria, Eslovenia, Kroazia eta Hungarian ibili ziren antzuolarrak bizikletaz; hala, bost herrialdeotako paisaia ikusgarriak erakutsiko dituzte, eta baita bidaian bizitakoak ere. Hitzordua datorren eguenean da, otsailaren 17an, 18:30ean, Olaran etxean.
Aurtengo lehena izango da
Badira urte pare bat Kultura Sailak Antzuolarrak munduan zehar ekimena hasi zuela. Helburua antzuolarrek egindako bidaiak herritarren aurrean erakustea izan da.
Eguenean Olaortuak, Garitanok eta Agirrek egingo dutena izango da aurtengo lehenengo hitzaldi-erakusketa. Kultura Saileko Jone Larrañagak azaldu du harrera oso ona izaten duen ekintza izaten dela Antzuolarrak munduan zehar ekimena. Normalean, 40 lagunetik gora batzen direla azaldu du Larrañagak, eta herritarrek gustura entzuten dituzten bidaiak izaten direla.