Nabarralde elkarteak 2009ko urtarrilean eskaera aurkeztu zion Antzuolako Udalari herriko armarrian agertzen diren Belateko kanoien gainean hausnarketa egin eta armarritik ken zitzan. Kanoi horiek 1512ko gaztelarren konkistaren adierazle direla zioten Nabarraldekoek. Eskaera hori egin ondoren herrian hitzaldiak egin ziren eta ondoren, Udalak Aldundiarekin elkarlanean parte-hartze prozesua bultzatu zuen. Parte-hartze prozesu horren ondorioa izan zen armarrian jasotzen diren irudiak egungo baloreekin ez datozela bat, eta armarria aldatu egin beharko litzatekeela.
Armarria aldatzeko lehen pausoa eguaztenean eman zuen udalbatzak ohiko osoko bilkuran. Bertan, 1979an Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho-batez onartutako mozioa aurkeztu zuen udal gobernuak. Mozio harekin Gipuzkoako armarritik Belateko kanoiak kentzea onartu zuten Batzar Nagusiek. Hala, mozioaren irakurketaren ondoren, Antzuolako udalbatzak aho-batez onartu zuen armarriko kanoiak kentzea onestea. Adierazpen hori egin ondoren, armarriaren aldaketa prozedura onartu zuten, aldeko bederatzi botorekin eta abstentzio batekin (Basili Ormazabal, EAJ).
Ideia lehiaketa
Udalbatzak onartutako prozeduraren arabera, ideia lehiaketa bat deituko du udalak, Antzuolako armarria eta irudi korporatiboa aldatzeko. Ideia lehiaketa horren oinarrietan jasoko dira parte-hartze prozesuan lehenetsi zituzten baloreak: euskara eta herri euskara; antzuolartasuna; alardea; herri sentimendua; elkartasuna herri mailan; eta boluntariotza. Aste batzuren buruan deituko dute lehiaketa.
Behin lehiaketako epeak bukatuta, proposamen egokienak udalari helaraziko zaizkio. Udal ordezkariek jasotako proposamenen balorazioa egin eta hurrengo pausoak definituko dituzte.