Interneten, argazkitan dago orain Arrolaren 40 urteko historia

Leire Kortabarria 2011ko urtarrilaren 14a

Herriko mendizaleak, euren irteerak, egun pasak, ospakizunak… orain argazkitan ikus ditzake edozein herritarrek. Izan ere, Arrola mendi taldeko kide batzuek 180 bat argazki inguru eskaneatu (digitalizatu) eta Internetera igo dituzte. Elkartearen hasieratik, 1972. urtetik, gaur egunera arteko argazkiak dira. Arrolaren helburua da argazkiok herritar guztiokin konpartitzea.

Honako helbidean daude argazkiok: http://picasaweb.google.com/arrolamt

Batez ere, Jose Mari Iturbe ibili zen paperezko argazkiok eskanerretik pasatzen, eta gero, Jabi Etxanizek zabaldu du Picasa webgunean Arrolarendako kontu bat eta igo ditu argazkiok amaraunera.

Etxanizen iritziz, "argazki zaharrek dute balio berezia; hor Arrolaren hasierako kideak agertzen dira. Bestalde, orduko janzkerak-eta ikusteko aukera dago. Eta kontuan hartu behar da lehen argazkiak ateratzea askoz garestiagoa zela eta ez zirela kopia asko egiten. Neuk ateratako argazkietan, ale bakarra ateratzen nuen eta hura Arrolaren albumean gordetzen nuen".

Internetera igota argazkiok, gainera, galtzeko arriskua saihestu dute: "Argazki asko Arrolaren egoitzan zeuden, Kalebarrenen, eta hezetasun handia egoten zen; horregatik, kolorea galtzeko arriskua zegoen", esaten du Jabi Etxanizek.

Herriko jende ezaguna

Argazkien bidez, aspaldiko irteerak, pasadizoak eta pertsonak gogoratzeko modua izango dute antzuolarrek. Hala, bilduman kronologikoki lehenengoa den argazkian Arrolako kide ezagun bat agertzen da: Angel Murgiondo. Hura hil zen, eta bera gogoan izateko modua da. Arrolako beste betiko kide bat ere argazki askotan agertzen da: Joxe Lizarralde, Supide. Berak Arrolarekin hainbat ekintzatan parte hartzen jarraitzen du: hala, urtarrilaren 1an, Urte Berri ospakizunean, "urtero bezala txabolan izan zen, txistorra banatzen", esaten du Jabi Etxanizek. Baina aspaldiko argazkiotan ere agertzen da Supide; adibidez, hemen azpian agertzen den argazki eder horretan, 1974an ateratakoa.

Hain zuzen, argazkiak berak badu bere istorioa ere. Jose Mari Iturbek kontatzen digu: "Arrolak lehenengo aldiz parte hartu zuen mendi-espedizio baten aterata dago; Huascaranera joan ziren. Han atera zioten Joxeri argazkia; ilea eta bizarra zuri-zuri dauzka". Huascarangoa irteera garrantzitsua izan zen Arrolarendako; Andeetako mendilerroan dago gailur hori, Perun, eta 6.000 metrotik gorako garaiera dauka.

Jose Mari Iturbek beste argazki esanguratsu batzuk daudela esaten du: "Adibidez, Arrolak Pirinioetara egin zuen lehenengo irteerako argazkiak daude".

Azpikoa 1995ean aterata dago:

Picasako Arrolaren gunean, argazkiak sasoika sailkatuta agertzen dira. Oraingoz, hamar album edo multzo daude, baina argazkiak dauzkatenei haiek konpartitzeko dei egiten die Jabi Etxanizek, haiek ere Picasara igotzeko. "Horrela, fondoa handiagoa izango da", esaten du.

Gazteek lagunduta

Jabi Etxanizek "pena" puskatxo bat dauka: "Argazkiotan agertzen diren guztiek ez dute jakingo Interneten ibiltzen, eta ezingo dituzte ikusi. Baina beharbada, seme-alabek edo ilobek lagunduta…", esaten du. Eta Internetekiko grina hartuta, elkarteko bateren batek proposatu ei du Arrolaren bloga sortzea, edo Facebook.com sare sozialean profila irekitzea. Etxanizek esaten du, barrez, berak nahikoa duela argazkietarako webguneekin. Beharbada beste kideren batek jarraitu beharko dio ireki den bideari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak