Esker on ekitaldi hunkigarria egin diete Salvador Olabarria eta Luis Pildaini

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko azaroaren 28a

"Oso ondo egon da ekitaldia. Larregikoa izan da akaso, ez genuen halako ekitaldi handirik espero; hunkigarria izan da benetan". Umiltasunez jositako hitz horiekin deskribatu dute Salbador Olabarria eta Luis Pildainek Antzuolako abesbatzan 35 urtez egindako lanagatik herritarrek egin dioten esker on ekitaldia.

 

 

Antigua elizan izan da ekitaldia, Santa Zezilia ospatzeko mezaren eta abesbatzaren saioaren ondoren. Pildainek gaurko espresuki egin dieten habanera nabarmendu du: "Izugarri hunkigarria izan da", esan du. Udalak lore sorta bana eta plaka oroigarri bat eman die.

Bizitza osoa kantuan

Abesbatzan 35 urte egin badituzte ere, bizitza osoa egin dute kantuan Olabarria eta Pildainek. Koroan 60 bat urte daramatela adierazi digute. Simon Artolazabal organo-jotzailea izan zuten irakasle; gaur gogoan izan dute musika munduan barneratu zituen pertsona. Bestalde, ahotsak uzten dien bitartean abesten jarraituko dutela adierazi dute.

Esker on ekitaldia ez da luzea izan: 11:00etan hasi da meza eta 12:00ak pasatxo kanpoan zeuden elizara bertaratutako herritarrak, salda beroaz gozatzen.

Herri osoaren esker onaren ostean Ongi-Etorri jatetxean bapo bazkaldu dute lagunekin eta familiakoekin. 40 lagun inguru bildu dira mahairen bueltan.

Elizaren atarian harrapatu ditugu protagonistak, lagunez inguratuta. Bada, eurekin solasean ginela hainbat herritar hurbildu zaizkie 35 urtetan egindako lanagatik zoriontzeko: "Horrela segi urte askoan", adierazi die emakume batek, besarkada bana ematen zien bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak