Carlos Ormazabal diputatua antzuolarrekin izan da

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko aza. 18a, 13:10

Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatua Antzuolan izan zen atzo. Olaran etxean egindako batzarrean 20 antzuolar ingururekin elkartu zen. Diputazioak azken 3 urteetan landutako Kudeaketa Planaren berri eman zuen aurrenik diputatuak. Segidan, han bildutako herritarrek euren iritzi eta ekarpenak aurkezteko eta diputatuarekin partekatzeko aukera izan zuten.

Lurralde oreka, Antzuolako komunikabideak, hondakinen kudeaketa, AHT eta AP-1 azpiegiturak, lidergo partekatua, bidegorriak, Diputazioen arteko elkarlana, politika fiskala, industrialdeen esleipenak eta gizarte zibilaren egoeraz hitz egin zuten, besteak beste, atzoko solasaldian.

Mugikortasuna

Bileran jasotako iritzien arabera, antzuolarren kezkarik handienetakoa mugikortasun arloko gabezia da. Herritar batek salatu zuen garraio publikoan oso aukera urriak daudela Antzuolatik Arrasateko ospitalera joateko; era berean, guraso elkarteko kide batek gaineratu zuen euren patrikatik ordaindu behar dituztela haurrak igerilekura eramateko gastuak. Horri guztiari erantzunez, Ormazabalek ulermenez hartu zituen herritarren kezkak, baina gaineratu zuen “Antzuola dagoen lekuan dagoela eta Diputazioaren eginbeharra guztientzako oinarrizko zerbitzuak bermatzea dela”.

Hondakinak

Hondakinen kudeaketarena izan zen elkarrizketako beste gai nagusia. Herritar batek diputatuari galdetu zion ea zergatik ez zuen Diputazioak birziklatzearen aldeko apustu nabarmenik egin, inbertsioak errausketa plantara bideratu beharrean. Ormazabalek erantzun zion “Inork ez duela Diputazioak baino gehiago egin birziklatzearen alde: garbiguneak, kasu; eta, horrez gain, bilketa-sistema udal bakoitzak aukeratzen duela, eta Diputazioa hondakinen tratamenduaz soilik arduratzen dela”, gaineratu zuen diputatuak.

Saioan zehar, ahoz landutako gaiez gain, antzuolarrek euren iritzi eta ekarpenak idazteko aukera izan zuten Diputazioak horretarako propio prestatutako fitxetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak