Independentzia eguneko menua: tortilla, babarrunak eta jai giro aparta

 Giro ezin hobeak lagunduta, jai parte-hartzailea egin zuten antzuolarrek. Hain zuzen ere, helburua horixe dela azaldu ziguten Gazte Asanbladako kideek: "Gure asmoa, gazteek parte-hartzea da, bai antolakuntzan eta baita festan ere".Tortilla txapelketan 11 taldek hartu zuen parte. Bakoitza bere sekretuekin tortillarik goxoena egiteko prest azaldu zen. Hori bai, inork ez zigun kontatu nahi izan egindako tortillen sekretua.

Herritar asko gerturatu zen lehiaketa ikustera eta tortilla zatitxoren bat dastatzera. Baina, sabelean tokia egin beharra zuten. Izan ere, babarrun jana zuten zain pilotalekuan.
Goizeko seietatik, 10 kilo babarrun prestatzen, Joxe Ramon Peñagarikano ikusi genuen. Peñagarikano eskarmentudun sukaldaria da eta badaki babarrun xamurrak egiteko trukurik onena poliki-poliki eta pazientziaz mimatu behar direla. "Babarrunak bere puntuan egon daitezen, goiz jaiki behar da eta poliki-poliki su apalean egon behar dira. Eta noski, laguntzeko nola ez txarri saiheskia, txorizoa, azalorea eta odolostea, bapo!".
Gazte Asanbladakoak gustura
Herritarren parte-hartzea helburu duen jaiak izandako harrera ikusita, antolatzaileak pozik.
"Antzuolar askok lagundu du eta parte hartu du. Pozik gaude jendearen erantzunarekin", azaldu digute Gazte Asanbladako kideek. Urte batzutan ospatu gabe izan den Independentzia eguna, berriro berreskuratu dute antzuolarrek. Hala, iaz berriro egin zuten jaiak izandako erantzuna ikusita, aurten  bigarrenez egin dute.
Gainera, laster antzuolarrek gaztetxe berria ere izango dute. Eraikinean zenbait lan egin beharko dira eta, horregatik, Gazte Asanbladakoek esku bat botatzeko prest dagoen oro animatu nahi dutela nabarmendu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.