Kopurua murriztea
Ogasun batzordearen proposamenean, zinegotziei eta udal taldeei emandako diru kopurua murriztu egiten da. Gaur egun, gastua 23.262 euro da, urtean. Proposamena onartzekotan, 20.520 euro izango litzateke. Batetik, proposatzen da zinegotzi bakoitzak hilero 75 euro jasotzea eta ez 90 euro, orain bezala. Bestalde, batzordeetako arduradunek jasoko lukete 105 euro, eta ez 90 euro orain bezala. Azkenik, eta aldaketa handiena, izango litzateke honakoa: udal taldeek ordezkari kopuruaren araberako diru-kopurua jasotzea. Gaur egun, guztiek jasotzen dute kopuru bera: urtean 1.540 euro. Proposamena onartzekotan honako kopuruak jasoko lituzkete: EAEk, 2.945 euro; EAJk, 1.767; Zutik-EB-Aralar udal taldeak, 1.178 euro; eta PSE-EEk, 589 euro.
Zutik-EB-Aralar udal taldeko zinegotziek aurkako botoa eman zioten. Honela berba egin du Pilar Etxanizek: "Proposamena landu gabe zegoen eta zinegotziok hiru egun lehenago jaso genuen proposamena; ez dugu izan astirik behar bezala aztertzeko eta alternatibak aurkezteko".
Edukiari dagokionez ere, ez daude ados: "Ados gaude diru kopuru osoa murriztearekin, baina, ez banaketarekin; EAE irabazten irteten da eta gainerakook galtzen". Pedro Iturbe alkateak erantzun zien euren udal taldeko kide batek Ogasun batzordean parte hartzen duela.
Joxi Beltran EAJko zinegotziak honela azaldu du euren desadostasuna: "Alderdiek ordezkaritza kopuruaren araberako kopurua jasotzearekin ados gaude, baina ez batzordeburuei kopurua igotzearekin; helburua baldin bada kopuru osoa jaistea, denoi berdin eragin beharko liguke neurri horrek".