Zerga gehienak %5 igoko dituzte KPIaren arabera

Irati Agirreazaldegi 2008ko azaroaren 7a

Udalbatzarra izan zen eguaztenean eta, beste hainbat gairen artean, 2009ko Ordenantza Fiskalen proposamena izan zuten mahai gainean. Aho batez onartu zuten proposamen hori. Zerga gehienek KPIaren araberako igoera izango dute, %5ekoa, hain zuzen ere. Salbuespena zaborren gaineko zergetan dago, %10eko igoera izango dutelako lehenengo seihilekoan eta uztailean %23ra igotzeko aukera legoke. Hori Debagoieneko Mankomunitateak ezarritakoa da besteak beste Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioaren harira.

Bestalde, hobariei dagokienean familia ugarietan diru sarrerak kontuan hartzea erabaki dute. 24.000 eurora arteko diru sarrerak dituztenek %90eko hobariak izango dituzte; 24.000 eta 50.000 euro arteko sarreren kasuan %50ekoa da hiru seme-alaba dituztenendako; %70ekoa lauren kasuan eta %90ekoa bost izanez gero. 50.000tik gorakoetan hiru seme-alabarengatik %15 jasoko dute, laurengatik %40 eta bostengatik %65.

Igogailuetarako laguntzak

Bestalde, igogailuak ipintzeko dirulaguntzen baldintzen harira, aldaketa bat proposatu zuten. Dirulaguntzak eskatzeko obren amaierako agiria aurkeztea ezinbestekoa zen, baina aldaketa eginda, agiri horren ordez industria agiria aurkeztea nahikoa da.

Sagasti parean egingo duten biribilgunea izan zen hizpide gero. Lurjabeek eskatu dute egungo hesolak, ur hartuneak… daudenetan mantentzea. Arau subsidiarioei baino proiektuari berari eragiten dion arren, aintzat hartzea adostu zuten guztiek.

Anbulatorioaz ere jardun zuten batzarrean. Onartu zuten Torresoroako lokala, osasun zentroa izango dena, 30 urterako Osakidetzaren esku uzteko lokalaren besterentzea (enajenatzeaegitea. Ondoren, Osakidetzak erabakiko luke noiz egin aldaketa. Gerora, aurreikuspenen arabera, orain anbulatorioa dagoen lekuan gaztetxea ipiniko dute.

Azkenik, erabaki zuten gizonak sexuen arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta beren parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko Gizonduz ekimenarekin bat egitea eta horren harira sinadura bilketa egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak