Ia lau urte bete dira Zabalok kargua hartu zuenetik, eta agintaldiari gainbegiratu orokorra eginez hasi zuten elkarrizketa. Zera esan zuen alkateak: "EAJ-EA koalizioak aurkeztu genuen programa garbia zen eta han batutako proiektu eta asmo ia guztiak bete ditugu; industrialdea bakarrik geratu zaigu airean".
Erreka eta etxe hutsak
Hainbat herritarrek egindako galderetan oinarritu zuten saioaren zati handiena. Errekaren gaiarekin ekin zioten; erreka bistaratzeak herriko plazaren itxurari ekarriko dion aldaketa izan zuen hizpide Zabalok, eta zera azaldu zuen: "Jendearendako, herritarrendako plaza izango da Antzuolakoa, eta ez automobilendako". Aste Santu ingururako lanak amaituta egongo direla ere aurreratu zuen.
Herritarrek honako galdera ere egin zioten: etxe hutsekin zerbait egiteko asmoa ote duen Udalak. "Etxe berri asko eraiki da herrian urteotan; gure hurrengo erronka da etxe zaharrak berritzea. Zergak igotzearekin ez dut uste ezer lortuko dugunik; egin behar dena da alde zaharra berpizteko laguntzak eskaini", erantzun zuen alkateak.
Kirol instalazioak
Kirol instalazioak ere izan zituzten hizpide Debarri-n: "Oraingo futbol zelaian inbertsio handiak egitea ez du merezi, nire ustez. Kokapen berria topatzearen aldekoa naiz eta Iriarteko zelaian egitea planteatuko nuke", adierazi zuen alkateak. Bestalde, frontoiari erabilera handiagoa eman behar zaiola esan zuen.
Igerilekuaren gaia jarri zuen mahai gainean Gorritibereak; horrekin lotuta zera adierazi zuen Zabalok: "Egitekotan, ganorazko zer edo zer egitearen aldekoa naiz. Gakoa da alde batera laga behar dugula ikuspegi lokalista". Bergarako igerilekuez ari zen alkatea. Gakoa komunikazio bide egoki eta indartsuak jartzea dela esan zuen: "Bergararekin beti izan dugu harreman estua eta hori indartu behar dugu".
Bidegorria egiteko asmoa
Berri garrantzitsua ere jakin genuen: Aldundiak agindu dio Antzuolako Udalari diru bat emango diola, Bergararainoko bidegorria egiteko. Errepide zaharra erabiliko dute horretarako. Uzarraga auzotik Bergarako Urteaga kaleraino doana.
Aurrekontuak prestatzen
Epe laburrean aurrekontuak prest egongo direla iragarri zuen alkateak. Azkeneko urteotan inbertsio handiak egin dituzte herrian eta orain errekuperatzeko garaia da. Araudiak eta ordenantzak landu eta bestelakoak egitea da orain Udalaren helburua, eta ez inbertsio handiak egitea.
Gorritibereak, nola ez, maiatzeko hauteskundeetan aurkezteko asmorik baduen galdetu zion; erantzuna, hauxe: "Oraindik ez dut erabaki, baina, osasun arazoengatik, ezetz aholkatu didate; pena handia ematen dit, lanean jarraitzeko ilusioa nuen".
Baserriak, ur hornidura, Mairuaren Alardea, GOITB, Gizarte-Kultura Etxea, AHT eta Beasain-Durango ere izan zituzten berbetarako gai.
Amaieran, Brasilen misiolari dagoen Juan Antonio Lizarralderi elkarrizketa laburra egin zion Gorritibereak.