Zabalik dago berriro frontoia, konponketa lanen ostean

Mirian Biteri 2008ko abe. 15a, 15:02

Egubakoitzean zabaldu zuten Udal Pilotalekua konponketa eta margotze lanen ostean. Hezetasunaren aurkako tratamendu berezia egin dute hormetan eta argiteria ere konpondu dute.

Pilotariek eta zaleek frontoian aurkituko duten berrikuntzarik nabarmenena da pilotalekuko hormen kolorea, berdea, hain zuzen ere. Falta guneak, berriz, urdinez margotu dituzte.

Kolorea bistakoa bada ere, beste hainbat konponketa ere egin dituzte frontoia itxita egon den bitartean. Zenbakiak aldatu egin dituzte eta paretak zarpiatu egin dituzte material gogorragoa erabiliz; hainbat tokitan pikatu ere egin dute kresala kentzeko.

Horretaz gain,  hodi berria ere ipini dute, baita, esan bezala, babeserako material berria erabili ura barrura pasatzea saihesteko. Horrela, konponketa horien guztien ondoren, hormek itxura berritua eman diote pilotalekuari. Argiteria ere konpondu dute.

30.000 euroko kostua

Berritze lanek 30.000 euro inguruko kostua izan dute. Armarria aldatzea eta Antzuolako Udala errotulua ipintzea ere bazegoen asmoen artean, baina hezetasunarengatik orain ezin izan dute ipini eta udaberrira arte atzeratuko dituzte lan horiek. 

Erretserba udaletxean

Estreinako partiduan Olaldeko pilotariek azpeitiarrak izan zituzten aurrez aurre. Horrela, Oñatiko Zubikoa pilotalekua utzi eta hemendik aurrera Antzuolan jokatuko dute berriz.

Olalde pilota elkartekoek martitzenetan eta eguenetan erabiltzen dute frontoia batik bat entrenamenduetarako; baita partiduak dituzten egunetan ere. Gainontzeko pilota zaleek 18:00etatik aurrera beste egunetan pilotalekua erabiltzeko aukera dute, baina erretserba egiteko udaletxera jo behar dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak