Antzuolako plazan 91 txirrindulari batu ziren lasterketa hasteko. Egun hauetan Bizkaiako Bira jokatzen ari den arren, iaz baino 14 txirrindulari gehiago izan ziren atzo hasiera puntuan. 9:30etan abiatu ziren plazatik, Bergarara; handik Oñatira hartu zuten. Oñatitik, berriro ere Antzuola aldera hartu zuten; itzuli hau bi aldiz egin zuten txirrindulariek. Lehenengo 60 kilometroetan, tropela bateratuta ibili zen. Bigarren itzulian, Antzuolatik Deskargarako bidea hartu zutenean, Würth taldeko Eloy Carral eta Arturo Morak ihes egin zuten. Handik aurrera, bi txirrindulariek batera egin zituzten geratzen ziren beste 60 kilometroak.
15 minutu lehenago
Lehenengo 60 kilometroetan lasterketa oso bizkor joan zen; hala, txirrindulariak ordua baino lehenago iritsi ziren Deskarga gainera. Han, lehenengo bi txirrindulariak, tropeletik ihes eginda zeuden Würth taldeko Carral ete Mora izan ziren. Tarteko helmugan, lehenengoa, Arturo Mora izan zen; hala, amaieran, mendiko saria irabazi zuen Würth taldeko txirrindulariak.
Deskargatik Urretxura eta handik Oñatira hartu zuen lasterketak. Ihes eginda zeuden bi taldekideak ondo konpondu ziren eta ez zuten batere arazorik izan tropelarekin zeukaten tartea mantentzeko.
Bergarara iritsita, Angiozarretik Asentzio gainera igo ziren txirrindulariak. Han ere, Würthekoak izan ziren lehenengoak. Asentziotik Elgetara hartu zuten eta Elgetatik, Bergarako bariantetik joan ostean, Antzuolako plazara sartu ziren.
Antzuolako plazara, Würth taldeko Carral eta Mora eskutik helduta sartu ziren. Bi taldekideek plazan batutakoen txalo zaparrada jaso zuten; atzetik, Lara eta Gutierrez sartu ziren, horiek ere eskutik helduta.
Ibarreko txirrindulariak
Helmugan lehenengo antzuolarra Gurutz Larrea (Bidelan-Kirolgi) izan zen; 2.59.02ko denbora gura izan zuen 125 kilometrotako ibilbidea egiteko. Iaz, bosgarrena izan zen sailkapenean, baina 3.07.34ko denbora egin zuen.
Ibarreko txirrindularien artean, Asier Penabad Debabarrena taldekoa zazpigarren sailkatu zen eta Joseba Iciar Azpiru Ugarte taldekoa 30. Datu orokorrei begira jarrita, lasterketako irabazleak, batezbeste, orduko 42'21ko kilometroko abiaduran ibili zen.