Iazko maiatzean eman zituen Udalak argitara Antzuolako Liburutegia bildumako lehendabiziko hiru liburuak: Lurretik mahaira, Trena Antzuolan eta Maristak Antzuolan. Ura Antzuolan izango da bildumako laugarren liburua.
Herriko Plazan erreka bistaratzeko egin dituzten lanak eta atzeko aldeko gainezkabidearen lanak aitzakia hartuta prestatu dute liburua Iñigo Ramirez de Okariz historiagileak eta Udaleko Hirigintzako teknikari Valen Moñuxek.
Uraren garrantzia Antzuolan
Liburuaren abiapuntua edo tesia honakoa da, Ramirez de Okarizen esanetan: Herri baten sorreran, bizitzan eta garapenean oso baliabide garrantzitsua dela ura. Hortik abiatuta, Antzuolak urarekin izan duen harremana aztertzen dute liburuan: uholdeak, jarduera ekonomikoa, kontsumoa, argindarra sortzeko baliabidea eta abar. 104 orrialde eta 40 bat argazkiz osatu dute liburua.
Erakusketa didaktikoa ere jarriko dute asteburuan Olaran etxean, eta zabalik egongo da hilaren 24ra arte. Erakusketa tematikoa izango da eta ibilbide jakin bat egin beharko dute bisitariek. Oso ilustratiboa, grafikoa eta didaktikoa da erakusketa, Ramirezek adierazi digunez.