Udazkenean hasi nahi dituzte parrokia barrua konpontzeko lanak

Irati Agirreazaldegi 2009ko ekainaren 26a

Elizako konponketen lehen faseko lanak amaituta, "lortu genuen ziurtatzea eliza ez dela jausiko", esan digute parrokia berritzeko lanen ardura duten taldekoek. Kanpoko egitura konpondu zuten: kanpandorrea, teilatua, ezinduendako ataria, arkupeko zorua eta hormak eta eliza aldameneko etxeko hodiak. "Hurrengo berritze lanak egin ez arren, egindakoek eliza zutik mantentzeko bermea ematen dute".

Zorua, hormak eta argindarra

Kanpotik itxura berritu arren,  elizara doanak ikusten du barrutik ere baduela konpontzeko premia. "Harrizko zoruan hezetasuna dago eta zikin itxura ematen dio. Gune batzuetan egurra ere badago; hortaz, egin nahi dena da alde batzuetan egurra ipini, aldamenetan, eta harria garbitu eta gaizki daudenak kendu; hormak ere margotu nahi ditugu".

Argindarra aldatzea da beste asmoetariko bat: "Une honetan dagoen berogailu sistema behin-behinekoa da eta konponbidea emateko asmoz sistema berri bat ipiniko dugu, argiteria ere aldatu egingo da eta baita soinua ere. Horrek eragina izango du argindarrean, potentzia handiagoko sistema eskatzen duelako".

Elizaren goialdeko balkoia gogortu egingo dute, baita korua eta koru azpia ere. "Altzairuzko zutabe batzuk ipiniko zaizkie aldenik alde eta zorua ere berrituko da", azaldu digute. Koruko bidea, Aste Santuko prozesioetako irudiak dauden tokia ere egoera txarrean dagoela esan digute. "Komun zahar bat dago eta nahi da berria egitea, ezinduendako egokitua eta zorua ere berrituko da eta margotu". Sakristia egokitzeko eta aldare txiki bat ipintzeko asmoa ere badago: "Neguko elizkizunetan, jende gutxi dagoenean bere funtzioa egingo luke". Abade etxean ere badago asmoa berrikuntzak egin eta etxebizitza moduan alokairuan emateko.

Herritarren dirulaguntza

Lan horiek guztiak egiteko aurrekontuak eskatzen dihardute eta aurreikusten dute 700.000 euro inguru izango dela. "Hasi behar dugu elizbarrutira, udaletxera, enpresetara eta etxez etxe diru eske". Horretarako, aurrez  informazio batzarra egingo dute herritarrekin euren asmoen eta diru kontuen berri emanez.

Asmoa da udazkenean lanak hastea, eta orduan Antiguan egingo dira elizkizunak.
Erretaulak beste fase baterako utziko dituzte. Horrek kostu handia du eta tratamendu berezia eskatzen dute erretaulok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak