Zubillagako hiltegiaren zerbitzu publiko eta jarduera ekonomikoaren zuzeneko kudeaketa tokiko merkataritza sozietate baten bitartez egitea da asmoa. Pedro Iturbe alkateak azaldu zuen zerbitzu publikoa izan behar dela, baina era berean merkatuan parte hartu behar duela.
Hala, bideragarritasuna ardatz hartuta etorkizuneko hiltegia izango dena osatzeko konpromisoa hartu dute.
Zatiketa gela martxan jarri
Urtarrilaren 1ean elkarte publikoa martxan jartzea gura dute. "Zerbitzu publiko bera eskainiko du, eta horrez gain, zatiketa gela jarriko da martxan", azaldu zuen Iturbek osoko bilkuran. Horretarako, gela egokitu egin beharko da eta arautu. "Uste dugu zatiketa gelak diru sarrera gehiago ekarri dizkiola hiltegiari", dio Iturbek.
Bederatzi langile
Asmoa da sozietate publikoa autofinantzatua izatea. Izango du: gerentea, administraria, lineako arduraduna eta sei abere-hiltzaile. Garraiolariak azpikontratatuak izango dira.
PSE-EE abstenitu egin zen
Paco Morcillo sozialista abstenitu egin zen debagoieneko sozialistek oraindik ez dutelako gai hori landu.