Udal tasa guztiak izoztu egingo dituzte 2010ean

Irati Agirreazaldegi 2009ko azaroaren 6a

Eguaztenean, azaroaren 4an, Udalbatzarra izan zen eta, beste gai batzuen artean, 2010erako Ordenantza Fiskalei hasierako onespena emateko proposamena izan zuten mahai gainean. Proposamen horren arabera, besteak beste, zergetan hainbat igoera egingo dituzte:

  • Ondasun higiezinen gaineko zerga, IBIa, %5 igoko da datorren urtean
  • Ibilgailuen zerga %4
  • Ekonomia jardueren gainekoan, IAEn, %5eko igoera egongo da
  • Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hiri lurren balioen gehikuntzaren zerga dagoenetan uztea erabaki zuten

Udalaren egoera hobetu

Bestalde, udal tasa guztiak izoztea proposatu zuten: ur hornidura tasak; estolderia zerbitzuarena; zabor tasak; agiriak emategatiko tasak; hilerri zerbitzuarena; negozioak zabaltzeagatik, udal jabari publikoaren aprobetxamenduarengatik edo lurzoru publikoa mahai eta aulkiekin okupatzeagatik ordaindu beharrekoak; auto-taxi tasa; edo hirigintza baimena, besteak beste.

Udalaren finantza egoera da erabaki horiek hartzeko arrazoi nagusia. "Azken urteetan egindako inbertsioen ondorioz, finantziazio plan bat adostu zen Foru Aldundiarekin, eta horrek, neurri handi batean, baldintzatu egin gaitu. Udalaren egoera hobetu beharra dago, baita hurrengo urteetan inbertsioak egiteko baldintzak prestatu beharra ere", esan zuen alkateak.

Jendaurrean

Proposamena aho batez onartu zuten zinegotziek; PSE-EEko Paco Morcillo izan ezik, beste guztiak zeuden. Orain jendaurrean ipiniko dute eta. alegaziorik ezean proposamena buletinean kaleratuko da hurrengo urtean neurriok indarrean jartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak