Udal Pilotalekua gaurtik berriz erabilgarri margotze lanak amaituta

Irati Agirreazaldegi 2009ko apirilaren 3a

Pinturarekin hainbat arazo izan zituztela-eta margotze lanetan ibili dira Udal Pilotalekuan. Lan guztiak amaituta, gaurtik, egubakoitzetik, pilotariek erabiltzeko moduan dago frontoia.

Hezetasun arazoak zituen pilotalekuak eta hori konpondu asmoz drainatze lanak egin zituzten, baita argiteria berria ipini ere. Obrak amaituta, ordea, ohartu ziren pinturarekin arazoak zeudela, hortaz, berriz margotu behar izan dituzte frontisa eta ezker pareta.

Ezker paretean berniza

Udal aparejadore Valen Moñuxek azaldu digunez, "frontiseko pinturak ez zeukan kalitate nahikorik, hortaz, dena kendu egin zuten eta pintura gogorragoarekin berriz margotu". Lan horiek egiteko astebete inguru behar izan zuten langileek.

Bestalde, frontoiko ezker paretean pintura nahikoa izan arren tindagai gehiegi zeukala esan digu Valen Moñuxek eta pilotak zikindu egiten zirela horma jota. "Tindagaiaren arazo hori konpontzeko ezker paretari pintura berdearen gainetik berniz berezia eman diote".

Kontratistak kostua bere gain

Frontoia berritzeko lanek 30.000 euroko kostua izan zuten eta pinturaren akatsak konpontzeko egin beharreko lanak bere gain hartu ditu kontratistak, Construcciones Perak. Hortaz, Udalak ez du aurreko kostuaz gain, diru gehiago ipini beharrik izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak