Gizarte etxea Torresoroa deitzeko proposamena aurkeztu du Batzordeak, idatzizko agirietan inguru hori izendatzeko jasota dagoen toki izena delako. Gainera, izendatzeko orduan Antzuolako toponimiaren gainean egindako lana hartu dute aintzat.
Gizarte etxeari izena ipinita, eraikineko zerbitzuak abiaraztea da hurrengo pausua. "Asmoa da udarako martxan jartzea erretiratuen lokala, eguneko zentroa, zaintzapeko bi etxebizitza eta liburutegia. Auditorioa geratuko litzateke gerorako", esan digu alkateak.
Lan talde berria
Bestalde, Udalbatzarrean Zutik-EB/Berdeak-Aralar taldeak proposatu zuen Batzorde ezberdineko partaideek osatutako lan talde berezi bat eratzea gizarte, kultura eta kirol zerbitzuak aztertzeko. Taldeak zehaztuko lituzke zerbitzuen kudeaketa eta funtzionamendua; mantenu eta garbiketa premiak; giza baliabideak; erabiltzaile posibleekiko harremanak; finantziazio bideak; eta inplikatutako batzordeen elkarlana.
Erabaki zuten gaiak lehenengo Batzordeetan lantzea eta gero koordinazio taldea eratzea.