Kongotik itzuli berri zarete. Zela joan da bidaia?
Oso ondo; ura bideratzeko proiektua amaitutzat eman dugu eta eskolarena ere ondo doala ikusi ahal izan dugu.
Zela hasi zineten proiektu horietan lanean?
Algortako apaiz bat misiolari zegoen Kongon, Kansenya lurraldean. Bera zen Alfonso Sainz de Bilbao eta orain dela bi urte hil zen. Berak abiarazi zituen proiektuok. Andres Arbuluk egin zuen berarekin harremana eta bere bitartez Bittorrek. Azken honek konpromisoa hartu zuen ura Kansenyara bideratzeko proiektuarekin bukatzeko. Nik, nire aldetik, umeak eskolatzeko proiektuaren ardura hartu nuen nire gain.
Ura bideratzeko proiektua amaitu duzue, hortaz.
Bai. Iaz ere Bittor eta biok joan ginen Kongora eta iturri bat jarri genuen Kansenyan. Aurten, lan harekin bukatzera joan gara; beste zazpi tokitan jarri ditugu iturriak, baita 10.000 litroko bi edukiontzi ere. Momentu garrantzitsua da; izan ere, orain dela hamasei urte hasi zen Sainz de Bilbao proiektu horrekin.
Umeak eskolaratzeko proiektua, bestalde, zela dago?
Pozik gaude lortutakoarekin. Bidaia honetan ikusi dugu gauzak ondo doazela. Kansenya lurraldeko Kapiri herrian jarri zituen eskola gehienak Sainz de Bilbao apaizak, baita inguruko beste herri batzuetan ere. 2.000 bat ume hartzen dituzte eskola horietan. Gure ardura orain da irakasleei ordaintzea, estatuak eskola horien ardura bere gain hartzen duen bitartean.
Besteak beste, Anelkarrek lagundu dizuete proiektu horiek aurrera eramaten.
Bai eta oso eskertzekoa da Anelkarren eta antzuolarren laguntasuna. Eskolen proiektuan lagundu digute, batez ere.
Aurrera begira, ze beste proiektu dituzue?
Eskola gehienak dauden herrira, Kapirira, ura eramatea da gure hurrengo erronka.