Supermerkatu batean lapurreta saiakeran harrapatu dituzte hiru gazte

Irati Agirreazaldegi 2007ko apirilaren 27a

Bergarako ertzain etxeko agenteek hiru gizonezko atxilotu zituzten eguen arratsaldean, Antzuolako supermerkatu batean lapurretan saiatzea leporatuta. Hiru atxilotuak ahuntz-hanka batekin merkataritza gune bateko leihoa indarrez irekitzen saiatzen ari zirenean harrapatu zituzten ertzainek.

Eguenean, 14:30ean hiru lagun herriko supermerkatu baten inguruan zeudela jakinarazi zion ertzaintzari herritar batek. Patruila bat tokira joan eta hiru lagun ikusi zituen supermerkatuaren atzeko aldean. Euren jarrerak agenteen susmo txarra piztu zuen eta ertzainak ikustean, lagunetako batek latexezko eskularru bat bota zuen.

Hiru susmagarriak identifikatu zituzten eta saltokiaren kanpoaldea miatu zuten ertzainek, leiho bat indarrez ireki zutela egiaztatuz. Inguruan ahuntz-hanka bat aurkitu zuten eta susmagarrietako batek leihotik erauzitako margo zatiak zituela egiaztatu ondoren, hiru lagunak atxilotu zituzten.
I.D.S. (22 urtekoa), A.L. (23 urtekoa) eta G.C. (26 urtekoa) Bergarako ertzainen egoitzara eraman zituzten, beharrezko eginbideak bukatutakoan epailearen esku uzteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak