Semaforoa eta pibote elektrikoak jarriko dituzte erdigunea ixteko

Aintzane Irizar 2007ko ira. 28a, 15:04
Lan horiek izango dute 30.000 euroko aurrekontua; Udaleko arduradunek espero dute sistema berria martxan egotea urtea amaitu baino lehen

Udaleko Hirigintza Batzordeak erabaki du asteburuetan alde zaharra ixteko pibote elektrikoak jartzea. Pibote horiek zapatuetan, 15:00etan, automatikoki igoko dira eta astelehen goizean jaitsi; horretarako programatuta egongo dira. Hainbat sentsore izango dituzte segurtasunerako; programatuta dauden orduan automobil bat piboteen gainean edo oso gertu baldin badago, piboteok ez dira igoko.

Kalebarrenen eta Plazan

Kalebarrenen, Arin jatetxearen parean jarriko dituzte pibote elektrikoak, oraingo piboteak dauden tokian. Bestalde, Herriko Plazan, Surpe tabernaren parean ere jarriko dituzte.

Asteburuan Kalebarrenen aparkatuta geratzen diren automobilek izango dute irteteko aukera, Herriko Plazatik pasatu eta Buztinzuri aldera. Surpe parean egongo diren piboteak jaitsi egingo dira, automobil bat plaza aldetik gerturatzen dela detektatzen dutenean.
Bestalde, Kalebarrengo piboteen ondoan, semaforoa ere jarriko dute; honen funtzioa izango da piboteak goian edo behean dauden informatzea; segurtasunerako jarriko dute semaforo hori. "Izan ere, gertatu daiteke norbaitek piboteak goian daudela ez ikustea; semaforoa ikusteko elementu errazagoa da", azaldu du Pedro Iturbe alkateak.

Kalebarrenen beste pibote bat ere jarriko du Udalak, Arin parean, bi banku dauden gunea babesteko helburuarekin: "Pibote hori izango da finkoa. Horrela, gune hori egoteko toki seguruagoa izango da", dio Iturbek.

Urtea amaitu aurretik

Sistema berria ezartzeko hainbat lan egin beharko dituzte. Lanen eta piboteen aurrekontua da 30.000 euro ingurukoa. Alkateak adierazi du urtea amaitu baino lehen sistema berria martxan egotea espero dutela.

Piboteak jartzeaz gain, hainbat seinale berri ere jarriko dituzte Udaleko arduradunek. Batetik, Herriko Plazan jarriko dute seinale bat esaten duena ezin dela aparkatu; zamalanetarako bakarrik erabili ahal izango da gune hori. Kalebarrenen eta Buztinzurin ere hainbat bide seinale berri jarriko ditu Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak