Sare sozialen gainean jardungo du Maite Goñik gaur arratsaldean eskolako aretoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko api. 27a, 11:51
Internet eta sare sozialak izango dituzte berbagai gaur arratsaldean eskolako aretoan. Blogaria eta sare sozialetan aditua den Maite Goñi ordiziarrak emango du hitzaldia 18:30ean. Kultura sailetik adierazi dute, hitzaldia eskolako aretoan izango den arren, DBHko ikasleen guraso guztiei zuzendutako hitzordua dela.

Internetek eta sare sozialek izugarrizko aurrerapena izan dute azkeneko urteetan; hala, guraso askok zer diren ere ez dakiten bitartean, etxeko gaztetxoek ia egunero erabiltzen dute. Ezjakintasun horren aurrean, guraso asko beldurtuta egoten dira.

Aukerak eta arriskuak

Goñik azaldu du internetek ematen dituen aukerak eta arriskuak azalduko dituela hitzaldian. "Gurasoendako hitzaldia izango da. Jakin gura izaten dute eurek zer egin dezaketen arriskuak ekiditeko", azaldu du Goñik. Internet tresna bat dela dio, eta erabiltzen jakin behar dela. Erabiltzen hezi behar dugu.

Kezkak

Gurasoek izaten dituzten beldurretan hedabideen jarrera garrantzitsua dela dio Goñik. "Komunikabideek zeresan handia dute. Beti azaltzen da sarearen alderdi txarra. Hortaz, gurasoek beldurra izaten dute norbaitekin geratu ote den euren seme-alaba, edo bullying-aren arazoaz ere galdetzen dute. Baina, hain urrun joan gabe, askok galdetzen dute: zertan pasatzen dute hainbeste denbora?", dio Goñik.

Sarea erabiltzeko gomendioa

"Gure garaian, kalean lagunekin egon ondoren etxera itzuli eta telefonoz deitzen genien lagun berei berba egiteko. Orain, gauza bera egiten dute, baina internet erabiltzen dute komunikatzeko", azaldu du Goñik. Haren gomendioa da sare sozialetan sartzea alderdi onak ikusi eta seme-alabei aholkuak emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak