Sahararen gaineko berbaldia egingo du Peñagarikanok

Maider Arregi 2006ko abe. 7a, 17:51
Sahararen aldeko astea izango da abenduaren 12tik 22ra bitartean. Materiala batuko dute eta berbaldia ere antolatu dute.

Urtero bezala, Sahararako materiala batuko dute aurten ere Anelkar Antzuolako Elkartasun Taldeko kideek. Aurten, baina, abendura aurreratu dute kanpaina hori; urtarrilean egin izan dute aurreko urteetan. Aldaketa horren arrazoia da urtarrilean material gutxi batzen dutela. Horrela, kanpaina hori abenduan egingo dute aurten.
Abenduaren 12tik, martitzena, hilaren 22ra arte, egubakoitza, jasoko dute materiala honako toki hauetan: Herri Ikastetxean, Eroskin eta Kalebarren dendan. Aurten batuko dutena izango da atuna latan, konpresak, arroza eta dilistak.

Debagoieneko gainerako herrietan ere egiten dute kanpaina hori. Horrela, behin material guztia batutakoan, guztia batera bidaliko dute saharar errefuxiatuen kanpamenduetara.

Herri Ikastetxearen laguntasuna izan dute Anelkarkoek, ohikoa den moduan. Ikasle guztiei ematen diete kanpainaren gaineko informazioa.
dokumentala eta berbaldia Sahararen aldeko kanpaina horren barruan, dokumental baten emanaldia eta berbaldi bat ere antolatu ditu Anelkarrek.

Abenduaren 14an, eguena, izango da hori, 19:00etan, Olaran etxeko aretoan.

Hasteko, Sahararen egoeraren gaineko dokumentala ikusteko aukera izango dugu. Bestetik, Oier Peñagarikano gazte antzuolarraren berbaldia entzun ahal izango dugu. Arizmendi eta Txantxiku ikastolek antolatuta, Ikastolatik Saharara proiektuaren barruan, Tindoufeko errefuxiatuen kanpalekuetara joan ziren astelehenean eta hantxe dago Oier. Han bizi izandakoaz jardungo du Oierrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak