Eguenean, hilak 18, kultura batzordeko kideek eta kulturaren munduko hainbat eragilek, Gizarte eta Kultura Etxearen lanak ikusteko aukera izan zuten. Baita Telleria etxeko lanak ere; han egingo dute Larrugintzaren Interpretazio Zentroa.
Valen Moñux Udaleko aparejadoreak eta Juanlu Aranburu kultura teknikariak eman zizkieten Sagastiko eraikinaren gaineko azalpenak. Beheko solairuan egongo dira anbulatorioa, liburutegia, aldagelak eta erabilera anitzeko aretoa. Areto hori erabiliko da hitzaldiak, antzerki eta zinema emanaldiak eta erakusketak egiteko, besteak beste. Lehenengo solairuan eguneko zentroa eta erretiratuen lokalak egingo dituzte. Azkeneko solairuan babespeko lau etxebizitza egingo dituzte, adineko jendearendako.
Eraikinaren lanak udaberrirako bukatzea espero dute Udaleko arduradunek. Aurten bukatzekoak ziren, baina, atzerapena izan dute. Eraikina bukatuta, gero geratuko da egoitzak ekipatzea eta jarduerak martxan jartzea.
Larrugintzaren zentroa
Ondoren, Telleria etxean egingo duten Larrugintzaren Interpretazioa Zentroa bisitatu zuten, Josu Tellabide proiektuaren arduradunaren laguntzarekin.
Udaleko arduradunek espero dute egoitza bukatuta egongo dela 2008. urtean eta hurrengo urterako zentro hori irekitzeko asmoa dute.