Orain dela gutxira arte han egon dira harriak, nahiko egoera kaskarrean. Horietako harriren bat herritik kanpora eraman zutela eta antzuolar batzuek berreskuratu egin zutela ere kontatu digu Jose Mari Iturbe Nekazaritza eta Ingurumen zinegotziak.
Gezi itxuran
Torresoroa eraiki zutenean Jose Mari Iturberi bururatu zitzaion egokia izan zitekeela bazterreratuta zeuden harri horiek eraikin berriaren inguruan kokatzea; hortaz, Hirigintza batzordean ideia aurkeztu eta adostu zuten Sagastin ipintzea harriak, Torresorotik gertu.
Harriak Sagastiko berdegunean ipintzeko orduan kontuan izan dute horien orientazioa, eta iparraldera begira jarri nahi izan dituzte proba-harriak. Jose Mari Iturbek hauxe esan digu: "Hiru harri izanik gezi bat irudikatu nahi izan dugu, iparra non dagoen adieraziz".
Probarako harriak ipintzeaz gain, hagin bat ere landatuta dago gune horretan. "Ugarte-Torre baserrian zegoen eta Udalari eskaini zioten arbola. Hortaz, Sagastin ipini zuten. Antzuolan, basoan ere, badira banaka batzuk Aginerreka inguruan", azaldu digu Jose Mari Iturbek.
Harriak ipini dituzte, baina hor ez dira amaituko Sagastiko berdegune hori egokitzeko lanak. Izan ere, Udaletik asmoa dute Antzuolako probei eta probalekuei buruzko informazioa jasotzeko eta gune horretan, harrien ondoan-edo kartelen bat ipintzeko herritarrengandik jasotako informazio horrekin.