Primeran irten zen saiheski jana

Mirian Biteri 2008ko aza. 2a, 20:12
Zapatuan saiheski jana egin zuten Antzuolan, datorren urtean han egin behar den V. Debagoieneko Trikitixa Egunerako dirua batzeko. Antolatzaileak oso pozik daude ekimenak izandako harrerarekin, aurreikusitako guztia banatu zuten-eta.

Parrillan erretako lehenengo saiheski zatiak jateko prest zituen Zurrategi plazan Peli Muxika harakinak 19:00etarako. Jendea dagoeneko zain zegoen okela probatzeko. Aurretik, baina, Trikitixa Eskolako kide Marije Zubimendi zegoen postutik pasa beharra zegoen, bi euroren truke txartela erosteko.

Horrekin ondoan zegoen karpara joan eta saiheski zati ederra eta ardoa hartzen hasi ziren. Handik gutxira, "okela ederra dau" irteten zen gehienen ahotik. Ardoak okela hobeto jaisten laguntzen zuen. Amaitu bezain pronto, asko txartelen postua bisitatu zuten berriro, errepikatzeko asmoz.

Bitartean, trikitilariak eta soinu-joleak kioskoan zeuden, pieza ezagunak jotzen. Hamar eta hamalau urte bitarteko hamahiru gaztetxoek plaza alaitzen zuten. Haurren bat baino gehiago dantza egitera ere animatu zen. Emanaldia amaitu zutenean, azkar jaitsi ziren kioskotik. Saiheski beroa zain zuten trikitilariek ere.

50 kilo

Guztira, Giokelako 50 kilo okela erre zituzten 20:30ak bitartean. Marije Zubimendik jakinarazi du Gipuzkoako baserrietan eta Gipuzkoako pentsuekin hazitako 300 pintxo inguru banatu zituztela trikiti ikasleen gurasoek. Diruari dagokionez, 570 euro batu dituztela ere azaldu du.

Jakina denez, datorren urtean Antzuolan izango da V. Debagoieneko Trikitilari Eguna. Horretarako data dagoeneko jarrita dago: apirilaren 25ean izango da. Jaialdia Antzuolan egitea erabaki zenetik, lanean gogor dihardute trikitixa ikasleen gurasoek.

Esan bezala, zapatuan aurreikusitako guztia saldu zuten eta beraz, oso balorazio positiboa egin du Zubimendik: "Arrakastatsua izan zen oso ekimena. Jendea gustura egon zen, trikitixa entzuten zuten bitartean saiheskia jaten"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak