Lanen helburua da plaza gorriaren azpiko aldean dauden garajeetako itoginak konpontzea, fatxadak konpontzea eta plaza gorriaren zoladura eraberritzea asfalto beltzarekin. Pedro Iturbe alkateak adierazi digunez, euren nahia zen orain artekoa moduko zoladura gorria botatzea, baina, 13.000 euro gehiago kostatzen da, gehiegizkoa euren ustez. Guztira, 60.000 euroko diru-partida dago aurrez ikusita plaza gorrirako eta egiteko asmoa duten lanen aurrekontua 40.000 euroko denez, hor geratzen diruarekin umeendako jolasleku berria egiteko aukera aztertzen dihardurte Udaleko arduradunek. Antzuola Udal Etxegintza arduratuko da lan horiek egiteaz.
Umeendako jolaslekua
Oraindik ez dakite noiz hasiko dituzten lanak, baina, dagoeneko hartu dituzte neurri batzuk: umeendako jolaslekuko jolas batzuk eta gune horretako segurtasun lurzorua kendu egin dituzte orain dela aste batzuk. Iturbek zera adierazi digu hartu duten erabaki horren gainean: “Jolas horiek egoera txarrean zeuden, arriskua eragin zezaketen eta horregatik erabaki genuen lehenbailehen kentzea”.
Garajeak
Esan bezala, lan horietan garajeetako itoginak konponduko dituzte. Garaje horietako 20 Eguzki auzoan eraikitzen diharduten etxebizitzetako jabeendako izango dira.