Pietatearen erretaula Antzuolara ekarriko dute berriro ere

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko uzt. 22a, 17:41
Abenduan hasi ziren Parrokia eraberritzeko lanekin. Baina, elizako aurpegia berritzeaz gain, lan berri bat ere izango du Errukizko Amaren parrokiak. Garai batean Antzuolan zegoen Pietatearen erretaula, gaur egun Donostiako diozesiar museoan dagoena ekarriko dute Antzuolara.

"Gotzaindegian izan ginen, eta han dago erretaula bat lehen Antzuolako zena, Pietatea. Oso polita da, eta pentsatu dugu Antzuolara berriro ekartzea eta elizan jartzea; ez oraingo erretaulan, baizik eta aldamen batean", adierazi du Basili Ormazabal parrokiako taldeko kideak. Hala, edonork ikusteko moduan egongo da erretaula berria.
Aprobetxatuko dute museoa lekuz aldatu behar dutela arte lana Antzuolara ekartzeko.

Lanak martxa onean doaz

Parrokiako lanak bi zatitan egin behar zituzten: kupula alde batetik eta koroa bestetik. Bada, lehenengo zatia amaituta dagoela esan daiteke. "Kupulako lanak amaitu dituzte eta orain aldamioak beste aldera eramango dituzte", azaldu du Ormazabalek. Fase hori samurragoa izango denez espero dute Gabonetarako lanok amaituta egotea.
Bestalde, zoruko baldosa batzuk hondatuta daude eta aldatu egin behar dituzte; horretarako, baina, indusketak egin behar dituzte, aztarna arkeologikorik dagoen edo ez ikusteko.

Irailean, abade berriak

Juan Kruz Mendizabal eta Iñigo Mitxelena badoaz Antzuola eta Bergaratik. Hala, irailetik aurrera abade berria izango da Antzuolan; hain zuzen, Jon Molina aretxabaletarra eta Xabier Amutxastegi debarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak