Pello Bilbao azkarrena izan da Antzuolan

Xabier Urtzelai 2009ko uzt. 12a, 23:20
Iaz gazte mailan lortutako garaipena errepikatu du Naturgas taldeko Pello Bilbaok gaur, baina oraingoan kategoria berrian; Bilbaok zortzi segundo atera dizkio Bruesako Imanol Izari

"Azkeneko urteotan zortea izaten nabil Antzuolan. Iaz gazte mailako azken urtea izan zen niretako, eta Antzuolan denboraldiko lehen garaipena eskuratu nuen. Aurten ere Antzuolan irabazi dut lehenengoz, baina 19 eta 20 urteko txirrindularien artean". Pello Bilbao txapeldunaren berbak dira horiek, izan ere, gernikarrak bi garaipen jarraian eskuratu ditu Antzuolan, baina kategoria ezberdinetan.

Asentzio, erabakigarria
Pello Bilbao zoriontsu zegoen helmuga gurutzatzerakoan. Merezitako garaipena lortu du, neurri handian, Asentzio igotzen (107. kilometroan) indartsuena izan delako. Gehienak ito ditu hor, Bruesako Imanol Iza izan delako jarraitu dion bakarra. Batera egin dute Elgetan behera, eta 40 segundoko aldea atera diote atzean zetozen Sergio Ruiz (Debabarrena), Illart Zuazubiskar (Seguros Bilbao), Gorka Olaizola (Bidelan) eta beste hainbati.

Bi kilometroren faltan Izak erasoa jotzeko erabakia hartu du, baina ez du fruiturik jaso. Bilbao oso adi zegoen, eta erritmo aldaketari bikain erantzun dio. Bidelagunaren gurpila berriro ere harrapatu, aurreratu eta Naturgasekoak buruaz ezetz esan dio: "Horrela inora ere ez gindoazela esan diot, atzekoak gertu zetozelako. Nire asmoa zen herriraino batera iristea, eta lehenengo postua esprintean jokatzea".
Baina Bilbaok ez du herriraino itxaron. Matz-Erreka enpresaren parean, kilometro bat lehenago egindakoa itzuli dio Bruesako ziklistari, erritmo aldaketa gogorra, eta Izak ezin erantzun. Hala, plazan ez da esprintarekin gozatzerik izan.

Lasterketako sailkapena
1. Pello Bilbao (Naturgas)    2:55:53   
2. Imanol Iza (Bruesa)    8 segundura
3. Sergio Ruiz (Debabarrena)    16ra
4. Illart Zuazubiskar (Seguros)    21era
5. Gorka Olaizola (Bidelan)    31ra
6. Iban Sanchez (Koplad)    31ra
7. Garikoitz Bravo (Caja Rural)    31ra
8. Victor Cabedo (Seguros)    31ra
9. Antxon Ibarguren (Bruesa)    31ra
10. Jon Larrinaga (Nturgas)    minutura

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak