Parrokia eraberritzeko proiektua jendaurrean aurkeztu dute

Aintzane Irizar 2007ko mar. 30a, 13:07
Martitzenean sinatu zuten Rafael Eizagirre parrokoak eta Gonzalez de Txabarrik parrokia eraberritzeko lanak diruz laguntzeko hitzarmena; 800.000 euro emango ditu Diputazioak. Eguenean, bestalde, parrokia eraberritzeko batzordeak jendaurrean aurkeztu zuen proiektua.

Urtebete baino gehiago darama herritar talde batek lanean Errukizko Amaren parrokia eraberritzeko helburuarekin. Batzorde bat osatu zuten hamar bat lagunek eta hainbat urrats egin dituzte ordutik hona. Proiektua eginda dago, orain dela aste batzuk jakinarazi genizuen moduan, eta atzo, eguena, herritarren aurrean aurkeztu zuten. Bide batez, herritarrei dei egin zieten proiektua diruz laguntzeko.


Osorik eraberrituko dute

Martitzenean, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko agintarien bisita izan genuen. Prentsaurrekoa egin zuten, eta bide batez, hitzarmena sinatu zuten Eizagirrek eta diputatu nagusi Gonzalez de Txabarrik. Hitzarmen horren arabera, Diputazioak emango du 800.000 euroko diru laguntza parrokia eraberritzeko.

Agerraldi hartan Rafael Eizagirrek adierazi zuen osorik eraberrituko dutela parrokia: "Beste 40-50 urtean eraberritze lan gehiago egin beharrik ez izatea aurrez ikusten dugu".

Hona hemen egingo dituzten lanetako batzuk:

- Teilatua birgaitzea: Gaur egungo estalkia kendu eta osorik birgaitzea.

- Fatxadak birgaitzea: euri uren zorrotenak kentzea; fatxaden estaldura kaltetua pikatu eta berriro jartzea; orain hormaturik dauden leihoak irekitzea; kanpandorrea garbitzea eta abar.

- Barne berrikuntza: hormak ta sabaiak margotzea; estaldura eta beste elementu kaltetuak pikatu eta berriro jartzea eta abar.

- Instalazio elektrikoa, argiteria, soinua eta berokuntza sistemak berritzea.

- Zaharberritzeak: erretaulak, organoa eta kanpandorreko erloju sistema zaharberritzea.

Berrikuntzarik nabarmenena, baina, izango da sarrera berria egingo dutela, irisgarritasuna bermatzeko, oztopo arkitektonikoak saihesteko. Atzeko aldean egingo dute sarrera hori, eskolako jolastokiaren parean.

Lanen aurrekontua da 1.398.210 eurokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak