Parrokia eraberritzeko diru-laguntza eskatuko diete herritarrei

Aintzane Irizar 2007ko azaroaren 23a

Parrokiako batzordeko kideak abenduaren 1ean hasiko dira herritarrei diru-laguntza eskatzen; etxez etxe jardungo dute, azalpenak ematen.

Irailean hasi zituzten Errukizko Amaren parrokia eraberritzeko lanak. Lehenengo fasean kanpoko aldea eraberrituko dute eta bigarrenean barrukoa. 1.400.000 euroko aurrekontua dute lanek. Diputazioak 700.000 euroko diru-laguntza eman du; Udalak, 150.000 eurokoa, 25 urtean zehar emango diena. Donostiako Elizbarrutiaren eskutik ere jasoko dute laguntza, nahiz eta oraindik ez dakiten zenbatekoa. Parrokiako batzordeko kideen asmoa da kostuen %20 (270.000 euro) herritarren ekarpenetatik jasotzea.

Horretarako, batzordeko kideek etxez etxe jardungo dute, azalpenak ematen eta herritarrei lanak diruz laguntzeko eskatzen. Abenduaren 1ean hasiko dira horretan. Dirua emateko bi bide egongo dira: batetik, banatuko duten gutunazalean dirua sartzea; abenduaren 15ean pasatuko dira gutunazala jasotzera. Bestalde, Euskadiko Kutxan eta Kutxan kontu korrontea dute eta hantxe sartu daiteke dirua.

Lanen bigarren fasearekin hasten direnean, laguntasuna eman ahal izango da hilabeteroko kuotatan. Hainbat aukera egongo dira, baina, oraindik ez dute dirua emateko era hori guztiz zehaztu. Uda partean hasiko dituzte seguruena bigarren faseko lanak eta orduantxe emango dute kuota bidezko laguntzen gaineko informazioa.

Aipatzekoa da, azkenik, lanen gaineko informazioa emateko web orria prestatzen dihardutela; martxan jarriko dute abendu hasieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak