Osoko bilkurak onartu du atez atekoa Antzuolan hastea

Leire Kortabarria 2010ko uzt. 8a, 13:41
Antzuolako Udalak uste du urte bukaerarako edo datorren urte hasierarako zaborrak atez ate batzen has daitezkeela. Lehenxeago edo beranduxeago hasi, kontua da zabor bilketa eredu aldaketa badatorrela Debagoienera, eta horretan lehenengo herria Antzuola izango dela.

Horri atea ireki zion Mankomunitateko Gobernu Batzarrak astelehenean aho batez hartu zuen erabakiak: horren arabera, Mankomunitateak "eskualde guztian atez ateko sistema ezartzearen aldeko apustua" egin zuen, eta "urrian zehar Debagoieneko herri guztietan atez ateko bilketa sistema ezartzeko ezarpen plana eta txosten ekonomikoa" Ingurumen Batzordean aurkezteko konpromisoa hartu zuten. Era berean, modu "mailakatuan" ezartzea erabaki zuten, eta "Antzuolan hastea" proposatu zuten. Antzuola aukeratu da "herriaren tamaina" eta "ezarpenerako izan ditzakeen abantailak" kontuan hartuta, "beste esperientzia batzuetan izandako ezarpenerako epeak" eta "Antzuolako Udalak erakutsi duen aldekotasuna eta sistema gaurdanik ezartzeko jarrera".

Osoko bilkuran onartuta

Eguaztenean, hilak 7, Antzuolako osoko bilkurak ontzat eman zuen Mankomunitatearen proposamena, aldeko zazpi botorekin: udal gobernu taldearen bostak eta Aralar-Zutik-Ezker Batua koalizioaren biak. EAJko hiru zinegotzitik bi joan ziren, eta abstenitu egin ziren; PSE-EEko zinegotzi bakarra ez zen joan.

EAJko Joseba Lezetak honela azaldu du euren botoa: "Azkarregi joan da prozesua, informazio asko ez geneukan, gauza batzuk zeharo erabakitzeke daude. Horiek ondo jakin arte, aldeko botoa ezin dugu eman". Aralar-Ezker Batua-Zutik koalizioko Jose Mari Iturbek, aldiz, hauxe esan du: "Atez atekoak emaitza onak ematen ditu, eta herritarrok ondo lantzen badugu, aurrerapen bat izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak