Antzuolako Udalaren ekimenez, Olentzeroren etorrera berezia antolatu dute herriko hainbat talde eta elkartek elkarrekin; honakoek, hain zuzen ere: Askatasuna, Anelkar, Antzuolako Gazte Asanblada, Gaztegunea, Pausoka, Oinarin, Txistulari Taldea, Antzuolako Abesbatza eta Herri Ikastetxea eta trikitilariek.
Herriko Plazatik Zurrategira abiatuko dira 17:45ean txistulariak, trikitilariak eta dantzariak. Hantxe, Olentzerori deialdia egingo zaio, 18:00etan, txalapartarekin eta adarrarekin, menditik jaits dadin. Olentzero eta Mari Domingi, gazteek lagunduta, San Josetik behera jaitsiko dira eta kalejiran joango dira guztiak Herriko Plazara; hantxe bukatuko da ekitaldia abestiekin eta Olentzerok herritarrei helaraziko dien mezuarekin. Askatasunak pintxoak eta edatekoa saltzeko mahaia jarriko du ekitaldi amaieran, Herriko Plazan.
Gabonetako ekitaldiak
Beste hainbat ekitaldi ere izango dira Gabon jaietan. Batetik, astelehenean, 11:00etan, Herri Ikastetxekoek eta Pausokak antolatutako Olentzeroren kalejira izango dugu. Urtarrilaren 4an, bestalde, umeendako jolasparkea jarriko dute frontoian.
Abenduaren 27 eta 28rako Antzuola Kirol Elkarteak Alfonso Castroren omenezko areto futbol txapelketa antolatu du. Xabier Barkeroren omenezko partidua, bestalde, otsailera atzeratu dute.
Arrola Mendizale Elkarteak, urtero bezala, Arrolara irteera egingo du urtarrilaren 1ean; Arrola inguruko gas hoditeriaren lana direla eta, oraindik ez dakite non banatuko dituzten txorizoa eta salda.