Olalde elkarteko pilota sailak 30 urte bete ditu

Irati Agirreazaldegi 2008ko ots. 22a, 13:45
Olalde elkarteko pilota saila lanean hasi zela 30 urte beteko dira aurten. Hori dela eta, martxoaren 1ean, zapatuan, ospakizuna egingo dute. Horrela eskertu nahi dute hainbat herritarrek urte hauetan guztietan elkartearen alde egindako lana.

Olaldeko bazkide Balentin Zabalok, Felix Agirrek eta Jose Luis Kortabarriak ekin zioten pilota sailari eta gerora, bazkide ez ziren herriko beste hainbat pilotazalek egin zuten bat taldearekin. "Zaila da 30 urteko ibilbidea laburtzea, baina  lanak eman du fruiturik. Lortu dugu pilota herritarrengana gerturatzea, eta gure elkartean bada gora egin duen pilotaririk; Berraondo eta Mendizabal, esaterako", esan digu pilota saileko Bittor Arbuluk.

Palaz eta eskuz binaka

Martxoaren 1ean arratsaldean egingo dituzte ospakizunak. 17:30ean elkartuko dira Olalden eta pilotalekura joango dira gero. Izan ere, 18:30ean hasita partiduak jokatuko dituzte frontoian. Palaz jardungo du lehenengo Zabalok eta Mansok osatutako bikoteak Zabalok eta Iturbek osatutakoaren aurka jardungo du.

Lehenengo partiduaren ondoren, omenaldia egingo dute. Olalde elkarteko pilota saileko kideek oroigarria jasoko dute, baita Antzuolan bizi den Aitor Elkoro pilotari elgetarrak ere.

Bigarren partiduan eskuz binaka jardungo dute. Elkorok berak Mendizabal izango du bikotelagun eta Muruamendiarazek eta Berraondok osatutako bikotea izango dute aurrez aurre.
Partiduen ostean, luntxa izango da Olalde elkartean urteurreneko ekitaldietan parte hartzen dutenendako.

Errelebu falta

Ospakizunak ospakizun, urteak aurrera joan ahala hutsunerik ere sumatzen dute Olaldeko pilota sailekoek. "Urte asko dira gaztetxoekin hasi ginela eta pilota eskolak aurrera egingo badu errelebua falta zaigu. Gainera, pilotaren egoera larria da. Pilotari handiak egon badaude, baina gazteek bestelako kiroletara jotzen dute. Kirol gogorra da pilota, eta horretan jardun nahi duenak oso gogoko izateaz gain, sufritzen jakin behar du", esan digu pilota saileko Bittor Arbuluk, herriko gazteei pilotari bultzada emateko dei eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak