Goizean, hamarrak aldera abiatuta, bi taldetan banatu eta talde bat plazatik gora joango da eta bestea behera. Herriko kaleetan dantzan ibili ostean, plazan bat egin eta han eskainiko dute dantzaldia, 12:30ean.
Umeek ekingo diote ikuskizunari eta 50 neska-mutiko inguruk lau dantza egingo dituzte: Luzaideko esku dantza, La Raspa, Gorulari eta Kaskarrotz. Dantza taldeko neskek, herriko hainbat emakume lagun dituztela, Bertzijana eta Txantxoak dantzatuko dituzte plazan; haiek 20 izango dira, gutxi gorabehera.
Sorgin-Dantza mutilek
Azkenik, ohikoa den moduan, dantza taldeko mutilek eta herriko beste zenbait mutilek –12 guztira– Sorgin-Dantza egingo dute. Antzuolakoa da dantza hori eta berreskuratu zutenetik urtero egin dute Inauterietan. Domekako jai horretan hutsik egiten ez dutenak beste hiru pertsonaia dira, dantzariekin batera joaten direnak: hartza, domadorea eta tximinoa.
Plazako saioaren ondoren, dantzariek bazkaria egingo dute 14:00etan Olalde elkartean eta iluntzera arte luzatuko dute jaia.
Eta Inauterietako beste ospakizunik ere izango da: martitzenean, otsailaren 24an, erretiratuek merienda egingo dute Landatxope elkartean.